Organo doinuak entzungo dira uztailean kostaldeko herrietan

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 5a, 08:00

Donostian aurkeztu zuten atzo Flysch organo zikloa. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Organo kontzertu bana izango da Orion, Zumaian, Getarian eta Deban Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren barruan. 

Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren bederatzigarren edizioa egingo da uztailean zehar eskualdeko hiru herritan (Orion, Zumaian eta Getarian) eta Deban. Emanaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatu ditu aipatutako udalerriekin eta herri haietako parrokiekin elkarlanean.

Uztaileko lau asteburuetan izango dira jaialdiko emanaldiak. Lehena Orion izango da etzi, uztailaren 7an; bigarrena Zumaian, hilaren 14an; hirugarrena Getarian, uztailaren 20an; eta laugarrena eta azkena Deban, uztailaren 27an. Kontzertu guztiak herri horietako parrokitan izango dira, denak ere 20:00etan hasita. Sarrerak doan izango dira emanaldi guztietan.

Goizane Alvarez Kultura diputatuak atzo eguerdian Donostian egindako aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez, "zikloaren helburua da organoa tresna ezezagun gisa aditzera ematea, Gipuzkoako ondarearen balioa nabarmentzea, zaintzea, eta lurraldeko eskaintza kultural eta turistikoa erakargarriago egitea". 

Kontzertuak hartuko dituzten herrietako ordezkariak ere izan ziren aurkezpenean. Getariako alkate Haritz Alberdik azpimarratu zuen "plazer bat dela herrietan, urtea joan urtea etorri goi-mailako musikeroetaz gozatzeko aukera izatea. Gainera aukera kultural hau gure sentitzen ditugun gune paregabean egiten dira, elizetan, eta guztion ondare diren organoaren jiran. Jaialdi honek gainera, elkartasunari keinu bat egiten dio eta hori pozgarria da”.

Kontzertu solidarioak

Alde solidarioa ere landuko dute Flysch Organo Jaialdiaren edizio honetan ere. Hala, zikloa osatuko duten bi emanaldi, Oriokoa eta Debakoa, ongintzazkoak izango dira. Oriokoa AFAGI Gipuzkoako Senitartekoen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen elkartearen aldekoa izango da; Deban, berriz, AECC Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen alde egingo dute diru bilketa. Bietan ere borondatezko ekarpenak jasoko dituzte.

Emanaldiak

Orio. 2024ko uztailaren 7an, 20:00etan. Sarrera doan

Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren IX. zikloan aurkeztutako Miszelanea XVIII-21 programak organorako musikaren hiru aitzindari omentzen ditu. Isabel Prota y Carmena madrildarrak (1854-1928) errekonozimendua jaso zuen bizirik zegoela. Haren obrak operaren eta zarzuelaren eraginak islatzen ditu, eta kontzertu honetarako berreskuratu da. Elfrida Andreeren (1841-1929) sinfonia bat ere izango da. Suedian graduatutako lehen emakume organista izan zen, eta aitzindaria katedral batean postu titular bat izaten. Ekitaldia amaitzeko, klabearen berpizkundean egindako ekarpenagatik nabarmendu zen Marguerite Roesgen-Championen (1894-1976) nokturno post-inpresionistak izango dira. Kontzertu honek azpimarratzen du emakumeak egon daitezkeela eta funtsezkoak direla kultur programazioetan.

Zumaia. 2024ko uztailaren 14an, 20:00etan. Sarrera doan

Oblivion organo eta biolontxelorako programa bat da. Euskadin bizi diren bi argentinar dira musikariak: Juan Ignacio Emme, EOSeko lehen txeloa, eta Matias Sagreras organista, Donostian bizi dena eta ibilbide profesional bikaina osatu duena. Oblivion, ahanztura ingelesez, konpositore argentinar batek konposatutako pieza bakarra izango da. Hain zuzen, Astor Piazzolarena da, tango sinfonikoaren erreferente nagusiarena. Hala ere, titulu hori musika hutsetik haratago doa, eta bi musikariek bizi izan duten migrazioaren ahanzturari, beste lurralde batera aldatzeari, egin nahi dio erreferentzia. Organoari ere erreferentzia egin nahi dio, gizarteko esparru askotan ahaztua izaten ari den tresna gisa. Horretarako, Zumaiako saiorako transkribatutako piezen multzoak A. Vivalditik A. Piazzolarainoko errepertorioa eskainiko du: "Musikarekin historia osoa itzultzen da".

Getaria. 2024ko uztailaren 20an, 20:00etan. Sarrera doan

Mauro eta Victor Azconaren Basterretxeren Maiorazkoa da euskal filmografian osorik gordetzen den zinemaren garai mutuko fikziozko film luze bakarra. 1928an estreinatu zen. Ana Belen Garcia organista eta pianistak eta Thierry Biscary kantari, perkusionista eta konpositoreak jarriko diote musika filmari, inprobisazioekin eta J. Guridi eta Aita Donostiaren neurriko euskal konpositoreen musikarekin, baita Thierry Biscay beraren pieza propioekin ere.

Deba. 2024ko uztailaren 27an, 20:00ean. Sarrera doan

Musika alemaniarra II, termino kronologiko eta estilistikoan, iazko edizioan Deban egin zen kontzertuaren jarraipena da. Kontzertu hartan J.S. Bach izan bazen helmuga, abiapuntu izango da oraingo honetan, organorako Tokata eta Fuga BWV 565 entzutetsuarekin, eta egile beraren BWV 202 ezkontza-kantatako Sich uben im Lieben aria izango da jarraian. Programa osatze aldera, Schubert, Liszt eta Wagner konpositoreen lanak izango dira, eta, amaiera bikaina emateko, R. Straussen Ariadne auf Naxos operaren Es gibt ein Reich aria ederra. Erabateko bokal eta instrumental erakustaldia, zentzu guztietan oso anitza den erreportorio baterako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide