Meza eta hamaiketakoarekin hasi dituzte Narrondoko San Kristobal jaiak

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 10a, 13:48

San Kristobal egunerako prestatutako ospakizunek arratsaldez jarraituko dute haurren jolasekin eta txokolate-janarekin.

San Kristobal jaiei hasiera eman diete gaur goizez Narrondo auzoan. Ia eguna esnatzeke zegoenean bota dituzte festen hasierako suziriak. Ordu batzuk geroago, 11:00etan, meza izango dute auzoan. Yon Cuadrado apaizak eman du meza eta bertan izan dira auzoko eta inguruko herrietako bizilagunak.

Jarraian, hamaiketako eskaini dute festetarako auzoan jarritako karpan. Zerbitzatzen hasterako ordua zeramatzaten kazuela handitan haragia eta txistorra egosten. Batzuk txakolinarekin lagundu dute janaria, beste batzuk urarekin. Jaten zuten bitartean, izan dituzte azken orduko gaiez edo pasadizoez hitz egiteko aukera.

San Kristobal egunerako prestatutako egitarauak arratsaldez izango du jarraipena. Hala, 16:00etan hasi eta 20:00ak arte txikientzako puzgarriak izango dituzte, baita txokolate-jana ere.

Festek, bestalde, ostiralean jarraituko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide