Giro ederra hanburgesa festan eta sagardo dastatzean, Narrondoko sankristobaletan

Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 13a, 14:00

Gaur eta bihar ere izango da zer gozatua Narrondon. Urteroko sardina eta saiheski jana izango da gaur, eta Fan & Go erromeriak girotuko du gero auzoa.

Giro ederra izan zen atzo, ostirala, Narrondoko sankristobaletan. Izan ere, arratsalde partean jende ugari gerturatu zen auzoan jarritako karpan egindako sagardo dastatzera. Pintxoez lagundutako dastatzea izan zen, eta gero, iluntze partean, erromeria izan zuten Izer eta Alabierrekin. Gure Ametsa elkartean, gainera, III. Hanburgesa festa egin zuten 19:30etik aurrera.

Gaurtik aurrera ere izango da zer gozatua Narrondon. Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua:

Uztailak 13, larunbata

  • 15:00. Mus eta eskoba txapelketak. Izen-ematea 15:00etan da, eta txapelketen hasiera 15:30ean. Bikoteko 25 euro ordaindu beharko da musean jokatzeko, eta 12 euro eskoban.
  • 20:30. Sardina jana. Sardinak doan eta saiheskia eta edariak ordainduta.
  • 22:30. Fan & Go erromeria.

Uztailak 14, igandea

  • Goizean, II. Artisau azoka eta taloak.
  • Egun guztian zehar, Jagoba eta Maddalen trikitilariak.
  • 12:30. Herri Kirol jaialdia. Aizkoran, Julen Gabilondo eta Suharri Paolla, Ugaitz Mugerza eta Arantza Mugerzaren aurka. Egin beharreko lanak: aizkoran, zortzi enbor etzanda eta bi enbor zutik, trontzan zortzi enbor eta korrika hogei itzuli. Harri jasotzen, Karmele Gisasola, Aritz Norde eta Urdax.
  • 14:00. Bertso bazkari herrikoia, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariekin. Izena emateko 639 33 27 82 zenbakira deitu edo batzordeko norbaiti jakinarazi. Bertan prestatutako paella, bakailaoa tomate eta piperrekin, tarta, izozkia eta kafea (30 euro) edo paella eta izozkia (6 euro).
  • Jarraian, Jagoba eta Maddaren trikitilariak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide