San Kristobal jaietan murgilduta izan dira egunotan Zestoa eta Zumaia arteko Narrondo auzoan, eta gaur, igandez, izan dute festetako azken eguna. Artisau azoka eta herri kirol saioa izan dituzte gaurko osagaien artean, eta giro ederra sortu da auzoan.
Goizean zehar, artisau azoka jarri dute hainbat eskulangilek, eta taloak dastatzeko aukera izan da, Jagoba eta Maddalen trikitilariek girotuta. Ondoren, 12:30ean hasita, herri kirol jaialdia izan da. Aizkoran, Julen Gabilondo eta Suharri Paolla Ugaitz Mugerzaren eta Aratz Mugerzaren aurka aritu dira, eta harri jasotzen, Maddi Gesalaga, Aritz Norde eta Urdax. Herri kirol erakustaldia amaitzean, bertso bazkari herrikoia egin dute auzoan, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariekin.
Horrenbestez, azken egunak giro paregabean igarota, hurrengo urtera arte agurtu dituzte festak Narrondon.