Festa betean murgildu dira Arroabean

Intza Trula 2024ko uzt. 16a, 11:42

Karmen jaiak hasi zituzten atzo arratsaldean auzoan, Karmentxuren ongietorriarekin. Aste osoan zehar izango da festarako aitzakia bertan, igande iluntzera arteko egitaraua prestatu baitute.

Hasi dituzte karmenak Arroabean, eta astelehena izanagatik ere, jende andana bildu zen atzo arratsaldean jaietako ikurra den Karmentxuri ongietorria egin eta auzoko festa kutunei hasiera emateko. Igandera arte, asteazkena salbu, askotariko ekitaldiak izango dira han, Festa Batzordeak eta Ederki elkarteak prestatutako egitarauari esker.

Atzo, 21:30 aldera heldu zen Karmentxu Arroabera, aurreikusitakoa baino ordubete beranduago, hain justu. Auzotarren babesean eta DJ Patxen doinuekin baserriz baserri ibili ostean iritsi zen auzora, bertan zain zituen guztien begiradapean. Goizean eguraldia makurra bazen ere, ateri eutsi zion arratsaldean, eta normaltasunez osatu zuten bidea.

Iluntzean, mahaiaren bueltan elkartu ziren arroarrak, eta giro ederrean egin zuten auzo afaria. Jarraian, Andoni Ollokiegiren eta DJ Patxen emanaldiekin mugitu zituzten gerriak.

Gaur, asteartea, meza izango dute 12:00etan, eta arratsaldean herri kirol erakustaldiaz eta sagardo dastaketaz gozatu ahal izango dute.

(Argazkiak: Danbolin)

Egitaraua:

Uztailak 16, asteartea

  • 12:00. Meza eta Itxaropena dantza taldearen emanaldia.
  • 17:30. Herri kirolak.
  • 19:00. Sagardo dastaketa.
  • Giroa alaitzen, Etxebarria aita-semeak.

Uztailak 18, osteguna

  • 12:00. Jubilatuen meza.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria.
  • Ondoren, trikitilariak.
  • 19:00. Presoen aldeko pilota txapelketako finala.

Uztailak 19, ostirala

  • 11:00. Umeentzako jolasak.
  • 12:30. Bota ura!
  • 13:30. Umeen bazkaria.
  • 15:30. Puzgarriak, zirkoa, aurpegi margoketa, eskulanak eta jolas gehiago. Jarraian, txokolatea banatuko dute eta apar festa izango da.
  • 19:00. Zumaiako karropoteoa auzoan barrena.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 23:00. Kontzertuak: Skareggekasko, Gabezin eta Mikerinos DJa.

Uztailak 20, larunbata

  • 10:00. Paella lehiaketa eta bazkari prestaketa.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 17:00. Bazkalondoa kantuz alaituta.
  • 19:00. Tocan 2 la polla.
  • 23:00. Kontzertuak: Sukena, Tapia eta Leturia Band eta Bad Sound Sister.

Uztailak 21, igandea

  • 10:00. Idiakaitz txistulariak.
  • 12:30. Umeen dantza emanaldia.
  • 13:00. Munduko Platerak.
  • 17:00. Patata tortilla lehiaketa.
  • 18:30. Izer eta Alabier.
  • 22:00. Bandera jaitsiera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide