Azken txanpan sartu dira karmenak

Intza Trula 2024ko uzt. 21a, 14:30

Gaur, 12:30ean hasita, ikasturtean zehar ikasitakoa plazaratu dute haurrek dantza emanaldian, eta eguerdia borobiltzeko herrialde ezberdinetako platerak dastatzeko aukera izan dute Arroabera bertaratu direnek.

Arroabean astelehenaz geroztik ospatzen ari diren Karmen jaiak amaierara heltzen hasi dira dagoeneko, eta gaur, festen azken egunean, umeen dantza emanaldia ikusteko eta herrialde ezberdinetako platerak dastatzeko aukera izan dute eguerdi partean. 

12:30ean hasi da haurren dantza emanaldia. Gogotsu eta ilusioz igo dira ikasleak oholtzara, eta batek baino gehiagok egin du irribarre gurasoak zein lagunak publikoan topatu dituztenean. Azken hilabeteetan ikasitako koreografiak dantzatu dituzte orduerdi inguru iraun duen emanaldian. 

Jarraian, herrialde ezberdinetako platerak prestatu eta banatu dituzte zenbait auzotarrek, eta asko izan dira horiek probatzera animatu direnak.

Ordu gutxi batzuk falta dira aurtengo karmenak amaitzeko, eta jakinarazi dutenez, arratsalderako antolatutako patata tortilla lehiaketa aurreikusitakoa baino orduerdi beranduago hasiko da: patata tortillak 17:00etan aurkeztu beharrean 17:30ean aurkeztu beharko dira. Honakoa da egitaraua:

  • 17:30. Patata tortilla lehiaketa.
  • 18:30. Izer eta Alabier.
  • 22:00. Bandera jaitsiera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide