Urtero egin bezala, haur saharar talde batek uda Euskal Herrian igarotzeko aukera du Oporrak bakean programaren bitartez. Aurten, errefuxiatuen kanpalekuetako zortzi haur etorri dira Urola Kosta eskualdean –bina Azkoitian eta Zestoan, lau Azpeitian– Darahli elkartearen bidez. Beste hemezortzi neska-mutil, berriz, Larrabetzuko (Bizkaia) udalekuetan ari dira oporrak pasatzen.
Eskualdera etorritako haur hauek 9 eta 10 urte ingurukoak direla argitu du Darahlik, eta abuztuaren amaierara arte izango dira Euskal Herrian. "Desertuaren erdian kokatuta dauden errefuxiatuen kanpamenduan dagoen bero itogarritik salbu egongo dira hilabetez, eta horrekin batera, medikuarenera joan eta elikadura osasuntsuaz gozatzeko aukera izango dute".
Haur sahararrei, eskualdeko harrera familietan daudenei zein Larrabetzun uda igarotzen ari direnei, harrera egingo diete asteburu honetan Zumaian eta Zestoan. Zumaian, bihar eguerdian egingo diete harrera, 11:30ean, udaletxean. Ondoren, Santiago hondartzara joango dira eta bertan ur-jolasak izango dituzte. Larunbatean, berriz, egun pasa egingo dute Zestoan.
Larrabetzuko Bakeleku udalekutako haurrek Zumaiako familien etxeetan egingo dute lo asteburuan. Horrengatik, eskerrak eman nahi dizkie Darahlik bere etxeetan saharar haurrak hartzeko animatu diren familiei, baita Zumaiako Udalari ekintza hauek antolatzen lagundu dielako.