Jon Arozena: "Hondakinak biltzeko zerbitzuaz hausnartu eta haren inguruko lanketa egin beharra daukagu"

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 26a, 12:30

Jon Arozena UKUEko lehendakaria. (UKUE)

Jon Arozenak gaur bete du urtebete Urola Kostako Udal Elkartearen lehendakaritzan. Hilabeteotan egindako lanaren inguruan balorazio ona egin du, baina oraindik esku artean egiteko asko eta garrantzitsuak dituztela adierazi du. Hondakinen kudeaketaren inguruan lanketa sakona egin beharra daukatela esan du, eta zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei profesionalizatzen eta laneratzen laguntzea ere erronkatzat jo du.    

Ion Arozenak gaur urtebete hartu zuen Urola Kostako Udal Elkartearen (UKUE) lehendakari kargua, 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetan EH Bildu Urola Kostako indar bozkatuena izan eta gero. Hamabi hilabeteok eman dutenari begira jarrita, udal elkartearentzat urte "positiboa" izan dela uste du zarauztarrak, "azken urteetako kudeaketaren ondorioz geldirik zeuden proiektu eta dinamika ugari" martxan jarri dituztelako. Dena dela, oraindik ere esku artean egiteko asko eta erronka garrantzitsuak dituztela aurreratu du Arozenak, besteren artean, hondakinen kudeaketari lotutakoak.

UKUE Urola Kostako herriek sortutako elkartea izanik, kostako herriei ematen die zerbitzua; "udalek uzten dizkioten eskumenak ditu, eskualde bezala kudeaketa eraginkorragoa izateko helburuarekin". Hainbat arlo lantzen dituzte elkartean: eskualdeko garapen ekonomikoa eta soziala, hondakinen kudeaketa, euskararen erabilera bultzatzeko ekimenak sustatzea, eskualdeko turismoa sustatzea eta Zumaian dagoen Soldadurako Oinarrizko Lanbide Heziketako zentroaren kudeaketa. "Laburbilduz, elkartearen helburua da eskualdea orekatzea eta, ahal den neurrian eta aurreko aipatuta gai horien bueltan, kohesioa lortzea", adierazi du Arozenak.

Elkartea ematen duena baino handiagoa dela baieztatu du lehendakariak, eta beraz, hura kudeatzeak "lan eta denbora asko" eskatzen duela. "Dena ez da erraza izan lehendakaritza postua egoera nahiko kaotikoan jaso bainuen, aurreko EAJko agintariaren kudeaketa eskasaren ondorioz, udal elkartea paralisi egoera batean zegoelako, eta ondorioz, eskualdeak zituen erronkei aurre egiteko aukera galduarekin eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko oztopoekin". Elkartearen antolaketa ondo definitu gabe zegoela adierazi du, "egonkortze prozesu baten erdian, lanpostuen funtzio monografiak egin gabe, euskara eta komunikazio teknikarien karrerako lanpostuak bete gabe, eta legeak eskatzen dituen euskararen eta berdintasun planik gabe".

Urtebete honetan martxan zeuden hainbat proiektu lantzen jarraitu dutela esan du, "egokitu behar zena aldatuz eta aurre eginez". Garbigunea eta laborategi teknologikoa aipatu ditu adibidetzat. "Horretaz gain, alde batetik, udal elkarteko langileen funtzio monografiak egiteko lanketa martxan jarri dugu, hau da, betetzen dituzten funtzioen fitxak, ez baitzeuden eginak; eta bestetik, aurten barrura begirako beste bi plan egingo ditugu: euskararen erabilera plana eta berdintasun plana. Legeak ezartzen dituen minimo horiek bete ditugu, orain arte egin gabe zeudenak horiek ere". Hondakinen gaiari dagokionez, Hondakinen Mahaia berriro ere martxan jarri dutela esan du, eta garapen agentziaren proiektu estrategikoak izan behar dutenen beste batzuei ere bultzada eman dietela.

Hondakinen kudeaketa, erronka nagusi

Hain zuzen ere, kostako herrietako hondakinen kudeaketa da udal elkartearen lanik handienenetakoa, eta bere aurrekontuaren zati mardulena esparru horretara bideratzen du. Horretarako, 2025ari begira, gainera, hainbat urterako esleipen bat abian jarri beharra dutela aurreratu du Arozenak, eta azaldu du hori ahal den ondoen egiteko eta herrietako errealitateetara egokitzeko, Hondakinen Mahaia berriz ere martxan jarri beharra zegoela. Hondakinen kudeaketa gai "konplexua" dela ziurtatu du. "Legeak eta planak zehazten dutena betetzeko, bi ildo lantzen ari gara: alde batetik, hondakinen sorreratik eragiten ari gara, helburua ahalik eta zabor gutxien sortzea baita; bestetik, 2030erako plan bat ere badu EAEk, non datorren urteko abendurako sailkapen indizeak %75era iritsi beharko lukeen eta 2030erako %85era".

Hori guztia gauzatzeko, oinarrian egun erabiltzen duten sistemarekin jarraitzea aurreikusten dute, baina hainbat hobekuntzak eginda eta eskura dituzten aukera guztiak aplikatuta. "Izan ere, egun, egon beharko genukeena baino okerrago gaude". Datu batzuk eman ditu hori azaltzeko: "2017ean adostutako txip sistemak hobekuntza ekarri zituen, eta %68ko sailkapen tasara iristea lortu zen. Baina, urtez urte, mantendu egin da, beheranzko joerarekin". Eta hori bai ala bai aldatu beharra dagoela adierazi du Arozenak.

Hondakinen kudeaketaren lanketaren esparruan, Gipuzkoako Hondakiden Kontsortzioko (GHK) administrazio kontseiluko kide da Arozena, bere ustetan ezinbestekoa delako erabakiak hartzen dituzten gune guztietan egotea, eta ildo horretan, oso garrantzitsutzat jo du Urola Kostak ahotsa izatea hondakinen kudeaketa bezain garrantzitsua den auzi batean ekarpena egiteko modua izan dezan. "Jasangarritasunaren aldeko borrokan ezinbesteko elementua da hondakinen bilketa, eta horretan lanean jarraituko dugu, gero eta hondakin gutxiago sortu eta ekonomia zirkularrean pausuak eman ditzagun". Halaber, 2020an Zubietako errauskailua martxan jarri zutenetik izan diren arazoei jarraipen estua egitea ere badagokiela uste du UKUEko lehendakariak.

Desorekak eta ziurgabetasuna

Eskualdeko garapenera sustatzek elkarteak egiten duen lanketaz ere jardun du Arozenak, eta aipatu du ez dela egiteko erraza, eskumenak oso banatuak daudelako. "Elkarteak enpresa sustapena egiten du: ekintzailetza, lan orientazioa eta, horretaz gain, eskualderako interesgarriak izan daitezkeen proiektuak bultzatzen dira. Askotan ekimenak txikiak izaten dira, baina oso garrantzitsuak".

Lan arloari dagokionez, eskualdea desorekatuta dagoela nabarmendu du Arozenak. "Baditugu herri batzuk bere populazioarekiko industrializatuagoak daudenak, Zumaia eta Aia esaterako, eta beste batzuk zerbitzuetara oso zuzenduak daudenak, Zarautz bezala. Gero eta industria gutxiago dago Zarautzen azken urteetan".

Eskualdeko enpresa gehienak txikiak eta oso txikiak dira, eta horietako batzuen egoera ziurgabea dela adierazi du Arozenak. "Batez ere, betiko ofizioetan jarduten diren enpresak eta merkataritza aipatuko nituzke, eta ez besteak alde batera uzteagatik, azken urteetako bilakaera  aztertu ondoren baizik. Esaterako, 2019an baino 88 merkataritza establezimendu gutxiago  zeuden iaz". Ondorioz, herrietako kaleak "hiltzen" ari direla esan du, "lehen komertzio txikiz betetako guneak lo egiteko gune bihurtzen" ari baitira. "Gainera, apartamentu turistikoen sorrerak ez du egoera hobetzen laguntzen".

Aurrera begira zer landua badu, beraz, udal elkarteak, baina erronka batzuk zehaztearren, honakoak aipatu ditu Arozenak: "Hondakinak biltzeko zerbitzu berriaren inguruan hausnartzea eta horren lanketa, definizioa eta lizitazioa egitea; herritarren inplikazioa lortzeko ekimenak egitea, hondakin gutxiago sortzeko eta hobeto sailkatzeko; eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen profesionalizazioa eta laneratzea bideratzea".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide