Euskal preso, iheslari eta deportatuak "etxean" nahi dituztela aldarrikatzeko mobilizazio jendetsua egin dute gaur Orion

Onintza Lete Arrieta 2024ko abu. 4a, 16:30

Euskal Herriko sei hondartzatan egin dituzte mobilizazioak Etxerat eta Sare elkarteek, tartean Antillan. Inguruko herrietatik jende andana gerturatu da giza katera.

Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera ekartzeko eskatu du giza kate jendetsu batek gaur eguerdian Orioko Antilla hondartzan egindako mobilizazioan.

Etxerat eta Sare elkarteek deituta, Euskal Herriko sei hondartzatan egin dituzte urteroko mobilizazioak, eta aurtengoan eskualdean Oriokoa izan da hitzordu bakarra. Horregatik, oriotarrak ez ezik, inguruko herrietakoak ere bertaratu dira Sare eta Etxeraten protestara, tartean EH Bilduko hainbat zinegotzi, baita Haritz Alberdi Getariako alkatea ere.

12:00etan autobideko zubipetik abiatu da giza katea, eta hondartzako barraraino joan dira banderolekin eta trikitilarien laguntzarekin.

Aurrerapausoen beharra

Sarek eta Etxeratek prentsa oharra argitaratu dute gaur, eta bertan helburua zein den zehaztu dute: "Dispertsioari amaiera ematea lortu genuen bide beretik lortuko dugu etxeratze prozesua bukaeraraino gauzatzea. Gaur Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetan, gazte zein heldu, herri honetan gertaturiko gatazkak utzi dituen ondorioen konponbidea beharrezkoa dela aldarrikatzeko elkartu gara. Aldarrikatzeko baina eskatzeko ere bai, euskal gizarteak aurrera egin behar duela eskatzeko: gatazkaren ondorioen konponbide prozesuari aterabidea ematea beharrezko dela eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea dela aldarrikatzeko", esan dute.

Presoen eskubideen elkarte horien ustetan, azken hamarkada honetan "euskal jendarteak argi utzi du gatazkaren ondorioei aterabide osoa emateko duen prestutasuna": "Elkarbizitza sendoa eraikitzeko, sufrimendu guztiekin amaitu behar da: preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko aterabidea eman, eta herri honetan bizitako biolentzia guztien biktimen mina aitortu. Zentzu horretan, egun indarrean dagoen eta zigorra/sufrimendua behar baino gehiago luzatzen duen salbuespen legedia indargabetzea behar bat da konponbiderako".

Elkarteek azpimarratu dute badela garaia "etxera errebindikazio bat izatetik denon lorpen izatera pasatzeko. Aurrerapauso bat, denok pozik sentiaraziko gaituena, denok irabazle eginen gaituena". Beren ustez, "denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; denok irabazten dugu ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean, atea zabalik utzita elkarbizitzaren agertokietara, memoria inklusiboaren agertokietara, berriz elkartzeko agertokietara", esan dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide