Helene Alberdi eta Ruben Ruzafa izan dira bizkorrenak Flysch Traileko lasterketa luzean

Maria Maya Manterola 2024ko urr. 6a, 14:25

Emakumezkoetan Alberdi zumaiarra sailkatu da lehenengo postuan, bigarren egin duen Ainara Urrutiarekin batera eskutik helduta helmuga zeharkatu ondoren. Gizonezkoetan, iaz ere lasterketa luzea irabazi zuen Ruzafa nagusitu da.

Dortsalak jaso, beroketak egin eta 09:30erako ehunka korrikalari elkartu dira Eusebio Gurrutxaga plazan, lasterketa luzeari ekiteko. Guztira, 23,6 kilometroko ibilbidea zuten aurretik, bero sapa giroan eta ingurukoen animoak inguruan.
 
Helene Alberdi izan da azkarrena lasterketa luzean, bi ordu eta hamar minutuko denbora eginda eta epaileek hala erabakita, Ainara Urrutiarekin eskutik helduta zeharkatu baitu Eusebio Gurrutxagan kokaturiko helmuga. Urrutia Mendatan lehen postuan zihoan, baina kilometroz kilometro lortu du Alberdik harekiko aldea gutxitzea, eta ibilbidearen azken metroak elkarrekin egin dituzte. Beste zumaiar batek osatu du emakumezkoen podiuma: Nerea Urteagak, ibilbidea bi ordu eta hamazazpi minututan osatuta. 
 
Mendatan, lasterketaren hamargarren kilometroan, ia minutu erdiko aldea atera dio Ruzafak bigarren zihoan Amets Aramberriri, eta harengandik bi segundo eskasera igaro da Unai Fernandez. Elorriaga parean ere hurrenkera berean pasa dira korrikalariak, eta hala heldu dira helmugara: lehen Ruzafa, ordubete eta 50 minutuko denborarekin; bigarren Aramberri, Ruzafarengandik bi minutura; eta hirugarren Fernandez, lanak ordubete eta 55 minutuan eginda.
 
Kronoak.com webgunean kontsultatu daiteke sailkapena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide