Gipuzkoako txirridularitzaren alde Donostian egingo duten manifestazioarekin bat egin dute Urola Kostako hainbat taldek

Andoni Elduaien 2024ko urr. 10a, 16:20

Gurutzeaga txirrindulari saria, Zestoan. (Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioa)

Igandean, Donostian egingo dute Gipuzkoako txirrindularitzaren arazoei konponbidea ematea aldarrikatzeko manifestazioa. 11:00etan egingo dute protesta ekitaldia Donostiako Antonio Elorza belodromotik abiatuta. Eskualdean, Peña Elorza eta Azkoitri taldeek, Zarauztarra txirrindulari kirol elkarteak eta Zumaiako Txirrindulari Elkarteak bat egin dute manifestazioarekin, besteak beste.

Gipuzkoan txirrindularitza lehiaketei berriro ekiteko aukera emango duen irtenbide bat eskatzeko, Gipuzkoako txirrindularitza taldeak eta zaleak Donostian mobilizatuko dira igandean. Manifestazioa egingo dute 11:00etan Anoetako Antonio Elorza belodromotik Donostiako udaletxera, eta hain justu, protesta ekitaldiarekin bat egingo dutela jakinarazi dute Urola Kostako hainbat taldek, hala nola Azkoitiko Peña Elorza txirrindulari taldeak eta Azkoitri triatloi taldeak, Zarauztarra txirrindulari kirol elkarteak eta Zumaiako Txirrindulari Elkarteak.

Peña Elorzako kideek adierazi dute azken urteetan "gero eta zailagoa" dela Gipuzkoako errepide gainean egiten den edozein kirol proba antolatzea, horiek lehiaketa barrukoak izan edo ez. Zailtasun hori, ordea, "benetan nabarmena" da txirrindularitza alorrean, haien arabera. "Trafiko sailak oztopo handiak jartzen ditu lasterketak nahiz zikloturisten probak antolatzeko", azaldu dute.

Trafiko sailak "txirrindulariak arazotzat" dituela uste dute, eta horrek zaildu egiten du antolakuntza lana. Arazo horiek medio, eta "ikusita Eusko Jaurlaritzak arazoari konponbiderik ez diola eman nahi", Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko kide guztiek dimisioa aurkeztu zuten irailean. Hori dela eta, gaur egun Gipuzkoan ez dago txirrindularitza federaziorik indarrean, eta "kolokan" dago 2024-2025 denboraldia.

Bide beretik jo du Azkoitri triatloi taldeak ere, eta arazoari "konponbidea" emateko eskatu du. Haiek azaldu dute Azkoitrik urtero antolatzen duen Azkoitiko Duatloiak ere bizi izan dituela "Trafiko sailak jarritako oztopoak".

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak, bere aldetik, azaldu du Gipuzkoako txirrindularitza "kezkatuta eta neurri batean nekatuta" dagoela erakundeetatik jasotzen ari den tratuarekin, Gipuzkoako Trafiko zuzendaritzak "trabak besterik ez" dituelako jartzen harrobiko txirrindulari lasterketak zein zikloturistenak antolatzeko.

Hori horrela, igandeko mobilizazioan parte hartzera eta Gipuzkoan "horren errotua dagoen kirolaren alde" egitera deitu dituzte txirrindulari zale guztiak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide