Txikitasunean Handi eguna ospatzen ari dira Arroabean. Urtero legez, haurrentzako zein helduentzako ekintzek osatu dute egitaraua, auzotar guztien gozamenerako.
2016az geroztik, urtero ospatu ohi duten festa da Txikitasunean Handi, baina, aurtengo egitaraua berezia izan da; izan ere, auzoan aurrez abiatuta duten herri hezitzailearen lanketa baliatu dute aurtengo edizioa prestatzeko, eta auzotar berriei harrera egitea izan du xede egunak. Horretarako, esaterako, ate irekien saioak egin dituzte goizean zehar.
Eguerdi partean, berriz, haurrek Danbolin fanzine izeneko tailerrean parte hartzeko aukera izan dute, eta 14:30 aldera bazkari jendetsua egin dute frontoian. Bazkalostean, Iagomagoren txanda izan da, eta aho zabalik utzi ditu emanaldia ikustera joan diren guztiak.
18:00etatik aurrera Zumaiako karropoteoa ibiliko da herriko kaleetan zehar, eta 22:00etan Trikidantz erromeriak girotuko du plaza. Eguna amaitzeko, 00:00etan, Patx eta Craf DJek saio bana eskainiko dute Ederki elkartean.
(Argazkiak: Intza Trula eta utzitakoak)