Lan arloko izapideak egiteko doako prestakuntza eskainiko du UKUEk

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 17a, 08:00

Bost egun eta hamar orduko prestakuntza saioak izango dira.

Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten bost udalerrietan izango dira saioak. Enplegagarritasunerako funtsezkoak diren gaitasun digitalak eskuratseko aukera izango dute parte hartzaileek. 

Administrazio elektronikoaren bidez lan izapideak egiten trebatzeko prestakuntza saioak egingo ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) eskualdea osatzen duten bost udalerrietan. Parte hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea du helburu programa horrek, haien lan-bizitza kudeatzeko enplegu aukerak lortzeko funtsezko tresna digitalak ikasiz.

Jasoko dituzten trebetasunen artean, antolatzaileen arabera, SEPErekin izapideak egitea edo prestazioak eskatu edo ziurtagiri elektronikoak lortzea daude. Saio praktikoak izango direla ere adierazi dute programaren sustatzaileek. Landuko dituzten gaiak izapidetze elektronikorako sarrera, tramitazio elektronikorako tresnak eta segurtasuna, eta enplegu plataformen eta administrazio izapide elektronikoen erabilera izango dira. 

Bost eguneko prestakuntza saioak izango dira herri bakoitzean, eta bi orduko lanketa egingo dute egunero programak iraungo duen denboran. Ordenagailuak parte hartzaileen eskura jarriko ditu UKUEk, eta saioak taldeka izango dira. 

Leku eta data hauetan izango dira prestakuntza saioak:

  • Zumaia: urriaren 21etik 25era, Alondegiko Moila gelan.
  • Aia: azaroak 11tik 15era, Aiako Kultur Etxean.
  • Getaria: azaroaren 18tik 22ra, Ulpiano aretoan.
  • Orio: azaroaren 25etik 29ra, Orioko Kultur Etxean.
  • Zarautz: abenduaren 9tik 13ra, Urola Kostako Udal Elkartean.

Interesdunek aurrez izena eman beharko dute 943-89 08 08 telefonora deituta, edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzita. Udal Elkarteko lan poltsan izena emanda dutenek esteka honen bidez eman ahal izango dute izena. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide