Euskaraldia 2025

Euskaraldia, ohiturak aldatzeko ariketatik erabilera aktibatzeko mugimendura

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 24a, 19:30

Iruñean aurkeztu dute laugarren edizioa, "Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia" izateko asmoarekin. Udaberrian egingo den lehen Euskaraldia izango da 2025ekoa, eta 11 eguneko iraupena berreskuratuko du, maiatzaren 15etik 25era. Elkar mugituz egingo dugu leloa aukeratu dute antolatzaileek, "aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan dugun eraginean" arreta jarrita.

Betiko helburuekin, baina egitasmoa bera "ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzeko erronkarekin", berrituta eta hasierako mobilizazio maila berreskuratzeko asmoarekin, 2025ean itzuliko da Euskaraldia. Elkar mugituz egingo dugu leloa aukeratu dute antolatzaileek Euskaraldiaren laugarren aldirako, "aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan dugun eraginean" arreta jarrita.

Gaur aurkeztu dute edizio berria Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, eta ekitaldian parte hartu dute egitasmoaren antolatzaileek eta sustatzaileen ordezkariek: Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijok. Irati Iziar Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente Maider Behotegik.

11 eguneko erronka gisa irudikatu dute berriro euskararen erabilera eta euskaldunak aktibatzeko ariketa soziala, baina udazkenean egin beharrean, udaberrian egingo dute: hain zuzen ere, maiatzaren 15etik 25era ibiliko dira ahobiziak eta belarriprestak txapak soinean eta euskara ahoan (edo entzuteko prest) Euskal Herri osoan.

"Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboena da Euskaraldia", Urkijoren esanetan, eta orain arteko edizioetako datuak eman ditu, adierazitakoaren erakusle. 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak, eta antolatzaileen arabera,  "hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa duen eraginkortasuna aski frogatuta geratu da edizioz edizio egin izan diren ikerketetan".

Reseteatu eta berrabiarazi

Bi urtez behin egiteko sortu zuten 2018an, baina 2022an hirugarren aldia egin ondoren, hausnartzeko eta indartzeko tarte zabalagoa hartzea erabaki zuten Euskaraldia sustatzen duten eragileek. "Gizarteko hamarnaka eragilerekin eta herritarrekin" egindako hausnarketa prozesu horren ondorioetako bat izan da "Euskaraldiak berrikuntza behar duela, herritarrengan, berriz ere, ilusioa masiboki piztuko badu". Horregatik proposatu dute antolatzaileek "Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea, reset egitea, berrabiaratzea".

Epea luzatuta, datorren urtean egingo dute laugarrena, eta 11 egunekoa izango den arren, "Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia" izatea nahi dute sustatzaileek, ohiturak aldatzeko ariketa izatetik erabilera aktibatzeko mugimendu izatera igarotzea: "Kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi, alegia. Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu" nahi dute. Hasierako "mobilizazio maila berreskuratzea" nahi dute, baina baita Euskaraldia ariketaren 11 egunetara ez mugatzea ere. "Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika" zabaldu egin nahi dute, "denboran eta gizartean".

Herriak, entitateak eta herritarrak

Laugarren aldian ere, Euskaraldian parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Herriak, entitateak eta herritarrak dira, ordena horretan, izena emateko aukera izango dutenak. Hain zuzen ere, herriek izena emateko epea irailean ireki zuten; eta gaurtik aurrera, entitateentzako izen ematea ere martxan jarriko dute euskaraldia.eus webgunean. Azkenik, laugarren Euskaraldian ahobizi zein belarriprest gisa parte hartu nahi duten herritarrek datorren urteko udaberrira arte itxaron beharko dute izena emateko: 2025eko martxoan irekiko dute herritarren izen ematea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide