Itziarko Perira joateko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 29a, 14:41

Haurrentzako jolasak ere izango dira ostiralean Itziarko perian. (Itziarko Peria Elkartea)

Ostiralean ospatuko dute feria Itziarren, eta goizeko ekitaldiez gain, arratsaldean herri kirolen jaialdia izango dute. Autoz joango direnentzako aparkatzeko guneak jarriko badituzte ere, Itziarrera gerturatzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek.

1994an hasitako ohiturati jarraituz, datorren ostiralean, hilaren batean, peria izango dute Itziarren. Aurtengoan, gainera, goizez bakarrik, arratsaldez ere izango da zer ikusia herrian.

Goizeko 9:00etan zabalduko dituzte azokako ateak. Animalia ugari izango dituzte ikusgai 14:00ak arte abian izango den ferian, baita elikagaiak eta bertako produktuak ere. Ardi eta ahuntzei dagokionez, Euskal Herriko VII. sasi ardi txapelketa eta  sari-banaketa egingo da periaren eremuan, baita Gipuzkoako VI. ahuntz azpi gorrien txapelketa eta sari-ematea ere.

Baserriko makinaria ere erakutsiko dute ostiralean Itziarren. Hala nola, traktoreak, motoserrak edo baserriko bestelako lanabesak. Sabela betetzeko makina bat aukera izango dute Itziarrera hurreratuko direnek, hori guztia musikaz lagunduta.

Arratsaldean, berriz, herri kirolen jaialdia izango da Zabalsoro frontoian. Aizkoran Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugerza arituko dira; harri jasotzen Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola, eta azkenik, Iparraldeko jokoak izango ditugu Jose Martin  Bustinza Tubiren eskutik. Jaialdia 18:00etan hasiko da.

Eguna amaitzeko, berriz, erromeria izango dute Itziar Hostala Jatetxean, afariaren ondoren. Afarira joan nahiko dutenek 943-19 90 61edo 943-19 90 08 telefono zenbakietara deitu beharko dute.

Autobusak eta aparkalekuak

Itziarko bizilagunak bakarrik ez, inguruko herrietako jende ugari hurreratuko da ostiralean Itziarrera. Jende honi guztiari garraio publikoa erabiltzea gomendatu diete Itziarko Peria Elkarteko eta Itziarko Auzo Udaleko antolatzaileek. Autobus berezirik ez dute jarriko, baina Lurraldebuseko ibilgailuak erabili ahal izango dira horretarako. 

  • Zumaiatik honako ordutan aterako dira autobusak (Patxita Etxezarreta kaleko geralekutik): 11:10, 13:10, 15:10, 17:10, 19:10 eta 21:10ean.
  • Bueltakoak Itziarren ondorengo ordutan aterako dira: 10:55, 12:55, 14:55, 16:55, 18:55 eta 20:55ean.

Antolatzaileen esanetan, autobusak goiz partean ez dira herrian sartuko eta Txitxarro dantzaleku zaharreko aparkalekuan utziko dituzte bidaiariak. Handik perirako lekura joateko doako autobusak jarriko dituzte.

Autoz Debatik edo Zumaiatik joango direnek ere Txitxarroko aparkalekuan utzi beharko dituzte kotxeak, handik doako autobus bidez hurreratzeko herrira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide