Ohikoan baino plastikozko botila eta janari ontzi gehiago jaso ditu Surfriderrek Orroagan

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 30a, 13:00

Orroagako arroketan pilatutako hondakin bilketa egin zuten atzo Surfrider fundazioko kideek. Urtean zehar egindako laugarren eta azken bilketa izan da atzokoa.

Euskal Herriko bost hondartzeko monitorizazio lanak egiten ditu Surfrider fundazioak urtean zehar. Hala, lautan bisitatzen dituzte aipatu hondartzak, bertako egoera ezagutzeko eta, bide batez, pilatutako hondakinak jasotzeko. 

Atzo egin zuten Orroagako kalan urteko laugarren eta azken hondakin bilketa –aurrekoak urtarrilan, apirilan eta uztailan egin zituzten–. Surfriderreko kideek azaldu dutenez, ohikoa baino plastikozko botila, janari ontzi eta litxarreria zorro aurkitu dituzte oraingo honetan arroka artean. Horrek harridura eragin diela ere onartu dute fundazioko kideek. 

Behin itsasertzetik aterata, hondakin horiek karakterizatu egin zituzten haien ezaugarrien arabera. Horretarako, Ipar Atlantiko guztian erabiltzen den Ospar izeneko protokoloa erabili zuten. 

Monitorizazioen ondoren lortutako datu horiek guztiak instituzioei emango dizkietela ere azaldu dute fundazioko arduradunek, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Ministerioari eta Ingurumeneko Europako Agentziari.

Argazkiak: Surfrider fundazioa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide