Kanpaina sorta abiatuko du UKUEk hondakinen sorkuntza saihesteko

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 8a, 15:00

Jessica Gonzalez da Silva eta Ion Arozena Eizagirre, gaur Getarian egindako prentsaurrekoan. (Juan Luis Romatet)

Udal Elkarteak antolatutako kanpainek hiru oinarri izango dituztela adierazi du Ion Arozena Eizagirre UKUEko presidenteak. Bere kezka ere azaldu du sailkatutako hondakinen kopuruak azken aldian izan duen beherakadagatik. 

Hondakinen sorkuntzaren prebentzioa, berrerabiltzea eta birziklatzeko kontzentziazioa piztea. Hiru helburu nagusi horiek dituen kanpaina abiatuko du Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) kurtso honetan. Horren berri eman du erakundeko presidente Ion Arozena Eizagirrek gaur eguerdian Getarian emandako prentsaurrekoan. 

Batetik, auzo konpostaketa sustatzeko komunikazio kanpaina jarriko du martxan UKUEk. Eskualdeko herrietan 11 auzo konpostatze gune daudela azaldu Arozenak: launa Zumaian eta Orion, bi Getarian eta bat Zarautzen. Urteak daramatzate martxan, eta hasieran ekimenak arrakasta izan bazuen ere, urteek aurrera egin ahala gero eta gutxiago erabiltzen direnaren susmoa dute. Presidentearen arabera, ehun bat familiak erabiltzen ditu gune hauek han utzitako hondakin organikoekin konposta egiteko.

Azken urteotan legedi aldaketa bat egon dela esan du Arozenak. Horrek, guneko konpost kopuru jakin bat sortzea eta bakterioak kontrolatzeko neurri batzuk hartzea behartzen du, besteak beste. "Gaur-gaurkoz ez da gune horietan behar adina konpost sortzen, eta kanpaina honekin jendea parte hartzera animatu nahi dugu". Horretarako, tailerrak egingo dituzte erabiltzaile berrientzat, eta proba pilotu bat ere jarriko dute martxan oraindik zehaztu gabeko eremuetako batean. "Herri baratzetan ongarri bezala erabiltzeko aproposa da konpost hori eta, gainera, parte hartzaileek hobariak jasotzen dituzte", gaineratu du.

Printzipioz ez dute aurreikusten gune berriak sortzea; justu kontrakoa: adierazitako kopuruetara heltzen ez badira, orain arte dauden guneak itxi beharrean aurkituko direla ere adierazi du.

Udazkenean abiatuko duten bigarren kanpaina, berriz, eskualdeko ikastetxeetan jarriko dute martxan, Eskolako Agenda 2030 eta ZISaren programen barruan. 

Sailkatutako hondakin kopuruaren beherakada

Hirugarren kanpainak hondakinen prebentzioa du xede. Hala, sei lerrotan banatuko dute kanpaina hau, bakoitza hondakin frakzio batean zentratuta. Kanpaina honetako ekintzak abendura bitartean egingo dituztela azaldu dute gaurko agerraldian.

Batetik, ikusita Urola Kosta eskualdean zazpi tona elikagai xahutzen direla urtean, elikagai gutxiago alferrik galtzea helburu duen kanpaina sustatuko dute. Erabilera bakarreko ontziak ere murriztu nahi ditu UKUEk, eta horretarako informazioa banatuko dute udal bulegoetan eta ekipamenduetan. Publizitateak sortzen dituen hondakinak murriztea ere planteatu du udal elkarteak, eta herrietan egiten diren ekitaldi publiko eta jendetsuetan jarrera egokiak zabaltzeko pausoak ere emango dituzte. Eta, azkenik, etxeko hondakinak birziklatzeko eta era egokian kudeatzeko kanpaina ere ideatu dute. 

Bai udal elkartea, bai hura osatzen duten udalerriak konturatu dira azken aldian sailkatutako hondakinen kopuruan beherakada bat izan dela. Hala ondorioztatu dute Urola Kostako hondakinen mahaian. "Horrek ardura sortu digu. Ikusi dugu herritarrak ohitu egin direla eta horren adibide da iaztik hona errefusa gehiago sortzen dela eskualdean". Datu horien arabera, etxeetan sortzen diren hondakinen birziklatze mailako jaitsiera ez da hain nabarmena. Bai, ordea, taberna eta jatetxeek sortzen dutena. Atez ateko sistema erabiltzen dute establezimendu hauekin, eta birziklatze maila %70era heltzen ez dela nabarmendu du Arozenak.

Arropen berrerabiltzearen garrantzia

Hondakinak ez sortzeko plangintzaren barruan modan edo arropen kontsumo ez arduratsuan jarriko dute aurten mira. Hala, armairuan ahaztutako jantziei bigarren bizitza bat ematea bultzatuko dute. Izan ere, udal elkarteko kideak jakitun dira kontsumo dinamika aldaketa bat egon dela azken urteotan. Lehen, erabilitako arropak Emausen edo bestelako elkarte edo proiektu baten edukiontzietan botatzen zituzten haiei bigarren erabilera bat emateko. Orain, Internet bidezko plataformak erabiltzen dituzte arropa horiek saldu eta haren bidez etekin ekonomikoa ateratzeko. "Horrek ekarri du Emauseko edukiontzietan utzitako arropa erabili ezin dena dela. Hala esan digute, arropa horrekin ezin dutela ezer egin", azaldu du Arozenak. 

Bezeroen erosketa ohituretan aldaketak izan direla ere esan du UKUE presidenteak. "Lehen arropa hobea erosten zuten, eta gehiago erabiltzen zuten. Orain merkeagoa erosten dute, biziraupen gutxikoa, eta horrekin hondakin gehiago sortzen dira". Horren aurrean, moda jasangarria bultzatzen duten eskualdeko sortzaileekin kolaborazioak egitearen aldekoa da Arozena. 

Jessica Gonzalez da Silva zumaiarra jarri du eredu gisa. Prentsaurrekoan izan da Gonzalez bera. Artisautzat jotzen du bere burua eta oihal zaharrei bigarren bizitza ematen die, poltsak eta nezeserrak sortuz. "Interesgarriena etxean ditugun oihalei eta produktuei beste zentzu bat bilatzea da. Askotan, potentzial handiko gauzak izaten ditugu, eta etxean duguna aprobetxatu beharrean, asperduraz begiratzen diogu eta merkatuan atera den azkena erostera joaten gara", azaldu du zumaiarrak. 

UKUEk antolatutako ekintzaileen programan parte hartu izan du Gonzalezek, eta horri esker zabaldu du aurten Mao Arte Estudioa Zumaiako Patxita Etxezarreta kalean. 

Beste sortzaile batekin ere lan egingo du UKUEk kanpaina honetan, Jon Alkain oriotarrarekin, hain zuzen. Bartzelonan egin zituen moda diseinu ikasketak, eta Ural markapean hainbat bilduma sortu ditu. Biekin ere bideo kolaborazioak egingo ditu UKUEk sareetan partekatzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide