Pailazoaren eta herri kirolen ikuskizunek girotu dute igandea Askizun

Intza Trula 2024ko aza. 10a, 17:00

Sanmartinak ospatzen ari dira Askizun ostiralaz geroztik. Gaur, Potx pailazoaren emanaldiarekin hasi dute eguna, eta jarraian herri kirol erakusldia eskaini dute Jokin Eizmendi harri jasotzaileak eta Eneko Saralegi eta Joseba Otaegi aizkolariek.

Ostiralaz geroztik San Martin jaietan murgilduta daude Askizu auzoan. Gaur, hain justu, haurrentzako zein helduentzako ekitaldiak izan dira eguerdian, eta jende ugari bertaratu da giroaz gozatzera.

12:00etan, Potx pailazoaren ikuskizunaz gozatu ahal izan dute etxeko txikienek Askizuko frontoian. Jarraian, herri kirol erakustaldiari ekin diote. Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan garaipena eskuratu ostean, hiru harri ezberdinekin aritu da gaurkoan Jokin Eizmendi harri jasotzaile zarauztarra. Aizkoran, berriz, Eneko Saralegik eta Joseba Otaegik jardun dute.

Horrez gainera, musikaz alaitu dute auzoa Enbilen Pepitak trikitilari eta pandero jotzaileek.

Bihar, San Martin eguna, amaituko dira jaiak, eta honakoa da jaiak agurtzeko prestatutako egitaraua:

  • 11:00. Meza nagusia.
  • Ondoren, txakolin dastaketa.
  • Gauean, Laja eta Narbaiza trikitilariak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide