Zozketa erraldoia iragarri du Matx sare sozialak

Erredakzioa 2024ko aza. 18a, 11:00

Erabiltzaile bat Matx-en sare soziala erabiltzen. (Matx)

Matx sare sozialak kirolari lotutako edukiak eskainiko ditu. Aldiz, erabiltzaileek beraien bideoak, argazkiak eta bestelakoak partekatu ahal izango dituzte sare sozialera. Abenduaren 8a baino lehen Matx.eusen erregistratzen diren erabiltzaileak opari-sorta baten zozketan sartuko dira.

Abian da kirolarien Matx sare soziala! Eta zer hobe zozketa erraldoi batekin hastea baino! Hala, abenduaren 8a baino lehen Matx.eusen erregistratzen den erabiltzaile oro opari-sorta baten zozketan sartuko da: Euskaltel Euskadiren maillot bat, Eusko Label Winter Series txapelketako partida baterako bi sarrera eta Forum Sporten 300 euroko erosketa-bonu bat zozkatuko ditu Matx-ek.

Sare sozialera batzen direnei "eskerrak emateko modua" dela azaldu dute proiektuko kideek. "Hasierako asmoa zen lehenengo mila lagunei zuzenean bizikleta elektriko bat oparitzea, baina erabaki du zozketarekin batera hobe dela mila musu banatzea. Musu horiek nork emango dituen erabakitzen ari gara", adierazi dute

Kirola bai, eduki ganberroa ere bai

Matx sare sozialean edukiak izango dira proiektuaren indargune nagusia. Hori horrela, kirolaren bestelako ikuspegi bat erakusteko ikus-entzunezko ganberroak ekoiztearen aldeko apustua egingo dute. "Galdu edo irabazi, kirolaren alde dibertigarria erakutsiko dugu, taldeen arteko erronkak bultzatuko ditugu, desafioak sortu, elkarrekin barre egin. Eta, horretarako, kirol ekitaldietan egongo gara, lasterketetan...", adierazi du Aratz Losada Matx-eko eduki-arduradunak. "Lurraldeko klubekin hartu-eman zuzena izan nahi dugu. Denbora daramagu taldeen arteko desafioak grabatzen, eta kluben zein kirolarien partetik jaso dugun erantzuna ederra izaten ari da".

Baina, sare soziala den neurrian, erabiltzaileak beraiek egongo dira erdigunean, eta horiek bideo, argazki eta bestelakoak partekatu ahal izango dituzte: "Kirolarien, taldeen eta kirolzaleen komunitatea josi nahi dugu", gaineratu du Maria Balzategi proiektuko komunitate-arduradunak:  "Kirol arloko erabiltzaileek eskatu dizkiguten behar eta funtzionalitateak jaso ditugu Matx-en”.

Abantailak

Matx.eus-ek hainbat abantaila eskainiko dizkio bertan erregistratzen den erabiltzaileari. Alde batetik, sare sozialean izena emanda izango dute soilik erabiltzaileek Matx-ek sortzen dituen edukiak osorik ikusteko aukera –orain arte, Instagramen eta Tiktoken egon dira–. Bestetik, interesen araberako albisteak jasotzeko aukera ere eskainiko du; hau da, kirol modalitatea, herria, bailara… aukeratuz. Hori hala, interesei loturiko albisteak irakurri ahal izango ditu erabiltzaileak. Klubentzako leiho berri bat ere izango da Matx sare soziala, horien berri emateko eta zaleengandik gertu egoteko euskarazko plataforma.

Erregistratu eta irabazi

Matx.eus-en izena ematea oso erraza da: Matx.eus webgunera jo, Sortu kontua botoiari eman eta bertan eskatzen diren datuak betez, sistemak automatikoki gomendatzen ditu norbere interesekoak izan daitezkeen erabiltzaileak eta gaiak.

Abenduaren 8a baino lehen erregistratzen diren erabiltzaile guztien artean opari-sorta eder bat zozkatuko du Matx-ek: Euskaltel Euskadiren maillot bat, Eusko Label Winter Series txapelketako jaialdi baterako bi sarrera eta Forum Sporten 300 euroko erosketa-bonu bat. Aprobetxatu aukera eta egin bat tokiko kirolaren komunitatearekin!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide