Haur eta nerabeei zuzendutako ikastaroak emango ditu UKUEk Gabonetan

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 10a, 08:33

Haurrak ordenagailuarekin jolasten. (Wikimedia)

Tailerrak abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an egingo dituzte UKUEren OpenLab espazioan. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago. 

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) haur eta nerabeentzako ikastaroak antolatu ditu Gabonetako oporretarako. Teknologiarekin jolastu eta ikasteko aukera izango dute tailer hauetan parte hartuko duten gaztetxoek. Programazioaren eta teknologia digitalen esparruan sormena eta ikaskuntza sustatzeko helburuarekin antolatu ditu UKUEk aipatu ikastaroak.

7 eta 10 urte bitarteko haurrek Roblox bideojokoen plataforman programatzen ikasiko dute. Parte-hartzaileek snow pista propioa sortuko dute, paisaiaren diseinutik hasi eta jokalariak gailurrera eramango dituzten igogailuen programazioraino. Gainera, bertaratzen direnek jolastu ezin diren pertsonaiak (NPCak) integratzen eta jokoaren interfazea pertsonalizatzen ikasiko dute, hori guztia modu dinamiko eta dibertigarrian.

11 eta 14 urte bitarteko nerabeak, aldiz, programazio aurreratuaren munduan sartuko dira, Unity eta Blender erabiliz. Errealitate birtualeko saskibaloiko bideojoko bat (VR) sortuko dute, eta parte-hartzaileek saskibaloi-kantxa bat 3Dn modelatzen eta jokoaren dinamika programatzen ikasiko dute, C# programazio-lengoaia erabiliz.

Ikastaroak lau egunetan egingo dira: abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an. Izen-ematea zabalik izango da abenduaren 18ra arte, honako formularioa beteta. Lekuak mugatuak direnez, hurrenkeraren arabera esleituko dituzte lekuak, eta lehentasuna emango diote UKUEk antolatutako robotikaren inguruko ikastaroetan parte hartu ez dutenei.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide