Sierbetako mojek, Mariaren Zerbitzariak kongregaziokoek, aurten utzi dute Azpeitia, eta haiek joan zirenean, itxi egin zuten Artzubia kaleko 18. zenbakian zegoen komentua. Harrezkero, hutsik dago 9.735 metro koadroko lursailak eta hiru solairutan banatutako 1.444 metro koadroko eraikin nagusi batek osatzen duten gunea.
Kongregazioa herritik joatea albiste tristea izan da azapeitiarrentzat, baina, aldi berean, horrek aukera bat sortu dio udalerriari. Orain, herriaren erdigunean, lursail zabal bat dago erabilgarri, eraikin eta guzti. Leku eta aukera paregabeak dira babes ofizialeko etxebizitzen proiektu bat garatu ahal izateko, eta horrela, belaunaldi gazteenen beharrei erantzuteko.
Gaur egun gazteentzat ez da erraza beraien beharretara egoki etortzen diren etxebizitza duinak eta egonkorrak erostea edota alokatzea; hain zuzen ere, babestutako etxebizitzen prezioan eraikitzea ahalbidetzen duen orube erabilgarririk ez dagoelako, legeak baimentzen dituen erregimenetako edozeinetan izanda ere (elkartea, kooperatiba, sustapen publikoa, eta abar).
Sierbetako eremuaren kasuan, baina, kongregazioak 1905ean egindako eraikin sorta egokia izan liteke babes ofizialeko etxebizitza gisa egokitzeko, beti ere araudiak eskatzen dituen aldaketak eginda eta erakunde publikoekin lankidetzan.
Azpeitiarrentzat lanean
125 urtean jarduera emankorra izan du kongregazioak, hainbat gaixori eta haien senideei laguntzen, entzuten, mina arintzen... Alaitasuna zabaldu dute, Azpeitiari eta eskualdeari ordaindu ezin den zerbitzua emanez. Eta orain, komentua salduta, beste proiektu sozial batzuk garatzeko aukera emango zaio kongregazioari.
Interesa dutenek orain dute Sierbetako gunea erosteko aukera, eta han babes ofizialeko etxebizitzak zein alokairu sozialekoak sustatzekoa. Hala ere, lurzoruaren egungo izendapena dela eta, etxebizitzak eraiki edota egokitu ahal izateko aurrez legeak eskatzen dituen administrazio kudeaketak egin beharko dituztela ohartarazi dute arduradunek.
Informazio gehiago nahi dutenek, azpeitiasiervasdemaria@gmail.com posta elektronikora idatz dezakete.