Zumaiako osasungintza publikoaren aldeko plataformak beste elkarretaratze bat egin du gaur eguerdian herriko anbulatorio aurrean. Hotzagatik edo, aurrekoetan baino herritar gutxiago bertaratu da gaurkoan kontzentraziora. Hala ere, plataformako kideek eskerrak eman dizkiete protesta ekitaldira hurreratu direnei.
Elkarretaratzea hasi aurretik osasun zentroko arduradunekin bildu dira plataformako kideak eta datozen egunetara begirako egoeraren berri izan dute. Behin kontzentrazioa hasita, bertan bildutako herritarrei adierazi diete Gabon garaian, bertako pertsonalaren oporrengatik, bi mediku eta pediatra bat izango direla lanean, eta Zumaiakoak bakarrik ez, Zestoako eta Getariako gaixoak ere artatu beharko dituztela. Horregatik, pazientzia edukitzea eskatu diete Zuopako kideek herritarrei.