Hilberria

Urte askoan Elkano antzeztu zuen Manuel Gorostiaga zendu da

Aritz Mutiozabal 2024ko abenduaren 24a

Manuel Gorostiaga, Elkanoren Lehorreratzea prestatzen 2014an. (Guka)

Zumaiako bizilagun getariarra atzo zendu zen 78 urte zituela. Hogei urte eman zituen Elkanoren Lehorretatzean itsas nabigatzailearen larruan. Horrez gain, Getariako Arraun Elkartearen sortzailea eta presidentea ere izan zen.

Manuel Gorostiaga Isasti zendu da, hogei urtez Getariako Elkanoren Lehorreratzean Joan Sebastian Elkanoren papera zuena. Zumaiako bizilagun getariarrari familiatik etorri zitzaion mundubira eman zuen itsasgizona interpretatzeko lekukoa. Aurrena, tripulante bezala aritu zen, eta gero, Elkano izatera pasa zen. Hori bai, GUKAri eskainiko elkarrizketetako batean argi adierazi zuen beti saiatu zela "ahalik eta ondoen egiten".

Gorostiagak ondorengoa ekarri zuen gogora aldi hartan: "Nik ume-umetatik ezagutzen dut hau, jaio nintzenetik. Aitonak egiten zuen aurrena Elkanorena. 1922an egin zen lehendabiziko aldiz, eta aitona zenak irten zuen orduan Elkanoren paperean. Urte mordoxka batean egin zuen, garai hartan urtero egiten baitzen lehorreratzea. Gero, Miguel Isastik egin zuen haren segidan, eta nik bosgarren aldia edo dut aurtengoa [2014]".

Horrez gain, Getariako Arraun Elkartearen sortzailea, arraunlaria eta presidentea ere izan zen, eta klubak oharra atera du bere Instagram kontuan, baita haren argazkiekin eginiko bilduma bat ere. "Manuel Inaziori esker, besteak beste, Getariako hainbat belaunaldik arrauna bizi ahal izan dugu. Mila esker eman diguken guztiagatik!".

Gorostiaga atzo hil zen, 78 urte zituela, eta haren hileta elizkizuna ostegun arratsaldean izango da, 18:30ean, Getariako Salbatore Deunaren parrokian. Hilbeila Zumaiako Albia beilatokian izango da gaur, 10:30etik 16:30era; ondoren, 17:00etan, Getariako hilerrian lurperatuko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide