Astegunetan sigi-sagan ibiltzen da Saiaz mankomunitatearen furgoneta egokitua, Errezilgo eta Bidania-Goiazko eguneko zentroetako erabiltzaileak norbere etxetik horietara eramaten, eta alderantziz. "Ez dakizu zenbat pozten naizen furgoneta ikusten dudan bakoitzean", dio Elena Rikondo mankomunitateko gizarte zerbitzuetako teknikariak. Bere garaian ibilgailua lortzeak "buruko minak" eragin izanagatik ere, garraio prestazioa gako bihurtu da Saiazko adinekoentzat, batez ere herrien dispertsioagatik; hortaz, erruz ibili da errepidean.
Mugakide bezain banandurik dira Errezil, Beizama, Bidania-Goiatz eta Albiztur; dena den, "bertan behar ditugu gizarte zerbitzuak", Rikondoren arabera, eta horretan dabil azken hiru hamarkadetan lanean. Hori irizten dio Luisa Agirretxe Aiako gizarte zerbitzuetako teknikariak ere, zeinak beste hainbeste urte igaro dituen hango udaletxean: "Herri txikion ezaugarri inportanteena da jendearengandik oso hurbil gaudela". Paula Villameriel gizarte langilea Aizarnazabalen aritzen da astean behin; duela urte erdi inguru hasi zen bertan, eta hark ere "gertutasuna" azpimarratu du.
Herri txikietan oinarrizko gizarte zerbitzuak eskaintzen dituzte, eta gizarte langileen egitekoa da pertsonen zein familien premiak eta gaitasunak aztertzea, diagnostikoa egiteko. Ondoren, "ikusten ditugun beharren arabera, ibilbide bat markatzen dugu, eta bidelagunak gara, herritarrek aurrera egin dezaten", Agirretxek azaldu duenez. Izan mendekotasun egoera bat, adin txikikoen kasu bat, gizarte bazterkeriari dagokiona edo komunitateari begira diseinatutako programa bat, beren lan esparrua "saski-naskitzat" jo du ironia apur batekin, "dena kabitzen delako", nahiz eta egoera guztiak desberdinak diren batak bestearengandik. Nolako arazoa, halako soluzioa.
Finean, kasu bakoitzaren informazioa biltzeaz eta balorazioak eta eskaerak egiteaz arduratzen dira, Villamerielek esplikatu duenaren arabera. Eta horrek dakarren kudeaketaz, noski. Deritzo oraindik "gutxi" aritu dela, eta ordutegi "zaila" duen arren, hitzorduak, kasuen jarraipena eta beste abar handi bat esperoan izaten ditu astero: "Anbulatorioan, ikastolan orientatzailearekin bilerak... Guztion artean partekatu behar dugu informazioa".
Prebentzioa, giltzarri
Hain zuzen, gizarte langileek zerbitzu guztiekin harremanetan egon behar dutela argi du Rikondok, esaterako, herriko mediku eta erizain zein irakasleekin; lan komunitarioa delakoan da, eta bide horretan, lan nahikoa izan du erakusteko "zein garrantzitsua den elkarlana". Gogora ekarri du honako adibidea: "'Beharra duenerako, pastilla eman diot', zioen medikuak. Eta esaten nion: 'Nork emango dio? Nola antolatuko da?'. Aspaldi horrela zen, edo nire gaia edo zure gaia. Nik argi nuen gurea zela". Horretarako, herri bakoitzeko udalak eskain ditzakeen sistemen begiradak "osokoa" behar du izan, Rikondok nabarmendu duenez; "emaitzak beste batzuk dira, gero".
Koordinazio horrek guztiak prebentzioa du xede. Saiazko teknikariak deitoratu du gizarte zerbitzuak "emergentziazko" bihurtzen ari direla udalaren eta lan kargaren arabera; "hemen, ordea, beste era batean egiten dugu lan", eta balizko kasuak aldez aurretik atzematea ahalbidetzen du horrek. Ñabardura ere egin du: "Ez da soilik jendeak deitzea, ordua eskatzea eta nik artatzea. Gu ere joaten gara jende baten bila, eta nik badakit hori beste leku batzuetan zientzia fikzioa dela. Ez gaude bakarrik zuen urgentzian, prebentzioan ere zuentzako gaude, hemen gaude".
Agirretxerentzat ere herritarren gainean egotea bada berme moduko bat: "Ez dauzkagu programa handiak, baina kasuak detektatuta izaten ditugu, eta laguntza nahi ez duten arren, behar duten eta eskatzen duten momenturako, kito. Bertan gaude dagoeneko. Diagnostiko handirik ere ez dugu egin behar, aldez aurretik ezagutzen baitugu asuntoa". Prebentzioa da, adibidez, adineko herritarrari etxea egokitzen laguntzea. Laguntza bat obraren bat egiteko, telelaguntza edozer gertatzen dela ere, aldian behin etxera deitu eta haien berri izatea... "Gu ez gara inor esateko hau egin behar duzu, bestea egin behar duzu", dio Rikondok, baina bulegotik atera eta etxeetara joateari inportantea deritzo: "Ezin gara kanpoko itxurarekin bakarrik geratu. Bisita horietan, erortzen ari den jendea ikusten ari gara".
Gizarte langileek apurka-apurka erakutsi behar izan dute herritar guztientzat egiten dutela lan, eta Rikondok dioenez, haien lana "pobreziarekin guztiz lotuta" zegoelako ustea gezurtatu dute batera edo bestera: 90eko hamarkadan, bai Saiazko teknikaria, bai Aiakoa lanean hasi zirenean, gizarte zerbitzuetara jotzeko "lotsa hori" zegoen. Herri txiki askotan zaintza familia barruan eman zenez, ohitura horri eusten zioten. "Zaintza familian. Gu gure artean", erantsi du Rikondok. "'Arazorik egotekotan, ez da inor enteratu behar. Zertara etorri behar da kapitalekoa esatera nola hezi behar dugun semea, nola zaindu behar dugun amona?'. Guri tokatu zitzaigun pareta horiek botatzea. Ez jendeari kontra eginez, ezpada eskua luzatuz".
Villamerielek ere hori berretsi du: "Lehen bazegoen ikuspegi hori: gizarte zerbitzuak behar oso handiak zituzten pertsonentzako zirela, edo kanpotik etortzen zirenentzako". Aurreiritziak dagoeneko gaindituta daudela uste du: "Behar duenak badaki hemen gaudela", edozein dela eskakizuna edo beharra. Marra gorri bezain potoloarekin konparatu ditu aurreiritzi horiek, eta herritarrengana astiro hurbiltzen hasi zela azaldu du, baita medikuarengana, eskoletako irakasleengana, psikologoengana edo aisialdi programetako gizarte hezitzaileengana ere, gutxi batzuk aipatzearren.
Herri txikietako gertutasuna ez baita berezkoa. Biak ala biak hurreratu behar izan dute norbere sarea osatu arte. "Oso gaizki" zeuden ikusita gizarte zerbitzuak, Agirretxek adierazi duenez, eta oraindik ere bati baino gehiagori kostatzen zaio laguntza eskatzea. Horretan ere, familiak iradokitako eta eskura dituzten laguntzak onartu ez izanagatik ere, Aiako udaletxeko bulegoko kartel bat seinalatu du, zera dioena: Neuk kontrolatzen dut neure bizitza. "Bere bizimodua egiten ari da; hori onartzea kostatzen zaie senitartekoei. Sufritzen daude, lagundu nahian, eta hor, gauza txikiak eskaini ahal dizkiogu prebentzioa egiteko".
Eguneko zentroak
Adinekoen kasuan, gaur egungo zaintza aldiak gero eta luzeagoak dira; inoiz ez da egon hainbeste bizi izan den jendea, eta eskaintzen zaien laguntza edozein dela ere, gizarte zerbitzuen helburuetako bat da eskura dituzten baliabideekin adinekoak beren etxeetan bizi daitezela ahalik eta urte gehien. "Eguneko zentroa izan dadila azken baliabidea; energia asko jartzen dugu hor", dio Rikondok.
Hiru hamarkada bete zituen iaz Saiazen gizarte zerbitzuetako teknikari lanetan, eta bertako bi eguneko zentroek, berriz, hogeigarren urteurrena. 2004 hura baino lehenago, "oso motz" geratzen ziren gizarte zerbitzuak Errezilen, Beizaman, Bidania-Goiatzen eta Albizturren. Ikuspegi urbanotik aldentzen zen eredua behar zuten, hain zuzen, "baliabideek landa inguruko pertsonei egokituak behar dute izan". Proiektu pilotu hark bota ditu sustraiak, eta harro dio Rikondok oharkabean "eredu propio" bat sortu dutela lau herri horietan. Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira eraikinak, mankomunitateko Hots Atsegin enpresakoak dira langileak, eta Saiazkoa da erabiltzaileak eguneko zentroetara eramaten dituen furgonetako gidaria. Bertatik eta bertara.
Garraioaren gorabeherez ere aritu da Rikondo: duela hogei urte taxi zerbitzuarekin hasi ziren, eta lehen bizpahiru urteetan horrekin moldatzen ziren onuradun bakanak garraiatzeko. Jarraian, lehen furgoneta erosi zuen mankomunitateak, gero eta adineko gehiago hasi baitziren joaten Errezilera eta Bidania-Goiatzera. Hamar urte inguru iraun zituen hark, eta duela zortzi urte erosi zuten bigarren furgoneta egokitua; finantzaketa publikoa eta lau udalen "apustua" ezinbestekoa izan zen. Azpeititik hasi eta Albizturreraino, tarteko errepideak zeharkatzen dituzte; gidariak egunero ehun kilometro egiten ditu gutxienez, eta ibilgailuak aguantatzen duen arren, urteak joan eta urteak etorri, huts egiten hasia da; hirugarren furgoneta aurki behar izango dutelako susmoa dute.
Elkartu, ez elkartu
Lau udalak aipatu dituelarik, Rikondok gaineratu du horiek ados jartzeak "indarra" eman diola gizarte zerbitzuen mankomunitateari. Diputazioaren-eta aurrean baliabideen eskaerak egiterako orduan, oinarri sendoa ematen dio Saiazi mankomunitate izaerak: "Hainbeste herri gara, horrela egin asmo ditugu gauzak". Hori guztia kudeatzea ez omen da hain erraza, baina laguntzen du legedia baten pean jardun ahal izateak. "Ez nuke aldatuko, beste aukera ikusita".
Beste balizko aukera hori "gogortzat" jotzen du Saiazkoak, herri txiki batek gizarte zerbitzuak bere kasa bideratzearena. Hala aritzen dira Aian: "Egiten ditugunak oso ondo daude, eta gai gara oinarrizko gizarte zerbitzuak eskaintzeko, baina etxez etxeko zerbitzua, adibidez, motz geratzen da dagoen eskaerarekin", Agirretxeren arabera. "Arau eta betebehar berdinak ditugun arren, abiadura ezberdinetan aritzen gara herri handiagoekin konparatuz gero; hor, ezin dugu lehiatu". Hori horrela, faltan botatzen du behintzat etxez etxeko zerbitzua inguruko herriekin kudeatzeko enpresa edo erakunde "indartsu xamar bat". "Zerbitzu berdina, baldintza berdinetan". Zehazki, Urola Kostako Udal Elkartekoez ari da: Zarautz, Zumaia, Getaria, Orio eta Aia.
Agirretxek bulegoko horman duen herriko maparantz luzatu du besoa: "Zabala da Aia; 11 auzo ditu, eta muga gehienak, Zarautz eta Oriorekin", esan du. Inguruko herrietako sistemekin koordinatu behar dute, gertutasuna kontuan hartuta batera edo bestera jotzen baitute aiarrek. Anbulatorioen kasuak, esaterako, "lan handiagoa eskatzen du". Aiakoa bertakoa edo beste nonbaitekoa izan, "ez duzu beti mediku bat, erreferente bat. Pila bat dituzu". Eguneko zentroen kasuan ere, prestazio hori behar dutenek kanpora jotzen dute: Orioko zentrora, Zarauzko Garagunera, Zizurkilgo Fraisorora…
Aian, baina, Ospitaletxea dago: udalaren jabetzako lau logeladun babestutako etxebizitza, "bazterketa maila txiki" baina "autonomiadun" erabiltzaileentzat. 1993an ireki zuten, "garai hartan landa inguruan ez zegoelako ezer"; "baliabide handirik ez, baina arazo txiki bakoitzarentzat erantzun bat dugu", berretsi du Agirretxek. Saiazen ere badituzte pisuak gizarte bazterkeriako kasuekin. Rikondo: "Non dago benetan arazoa? Inor ez izatea inguruan, sarerik ez edukitzea. Aukeratu gabeko bakardadea".
Zaintza, denona
Herri txikietan "konplexu" hori izan ohi dute, Rikondoren arabera: "Honekin nago, beste horrekin… Partxeak jartzen gauden sentsazioa. Ni ez nago puntu horretan, baina askori entzuten diet, eta ulertzen diet". Kazetariari eskatu dio galdetzeko beste gizarte langileei ea sinesten duten beren lanean. Agirretxek bi aldiz pentsatu gabe erantzun du: "Sinetsiko ez bagenu, ez ginateke hemen egongo". Sistemaren estutasunean "oso libre" ikusten du bere burua, "inurri lanean". "Zailtasunak, edadea, etxea, lana, osasuna… Egonezin batzuk sortzen dira, eta lagundu besterik ez dugu egiten", gehitu du.
Han-hemenka, Rikondok eta Agirretxek sare bat osatu dute, gizarte osoko euskarrietara lotua. Saiazkoak ezin hobeki laburtu du: "Denen esku dago zaintza, ez da bakarrik gizarte zerbitzuen lana. Hezkuntzakoak egon behar du, osasungintzakoak, urbanismokoak, kulturakoak… Zaintza zeharkakoa da, alegia".