Giro onean amaitu dituzte San Sebastian jaiak Elorriagan

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 21a, 09:00

Ostiralean hasitako jaiei amaiera eman zioten atzo, San Sebastian egunez, Elorriaga auzoan.

Eguraldia lagun izan zuten atzo ere Elorriaga auzoan. Kexurik ezin dute izan, egun guztietan eguzkia presente izan dute eta. San Sebastian eguna zen atzo, eta ostiralean hasitako jaiei amaiera eman zioten auzotarrek eta bertara gerturatutako lagunek. 

Igandean Itziarko ekoizleen sagardoa dastatzeko aukera izan bazuten, atzo txakolinari egin zioten tartea, bertan ekoiztutak Flysch txakolinari hain zuzen ere.

Dena jana eta edana ez denez, zaldi proba jarraitu zuten festen egun handian auzora hurreratu zirenek. Amanoko (Kantabria) Sergioren Amani zaldiak 79 plaza, untze bat eta 5,18 metro egin zituen 20 minutuko txandan. Aldiz, Markina-Xemeino Gaztañeiren Adu zaldiak 73 plaza, untze bat eta 0.15 metro bete zituen denbora epe berean.

Jarraian, Mendaro eta Galaktikok jotako trikitixa doinuez girotutako bazkaria izan zuten Urberu sagardotegian, eta festei bukaera emateko, txokolate jana Lau-haizeta elkartean.

Modu horretan amaitu zituzten lau egun iraun eta giro ederrean bizitako jaiei Elorriagan. "Astebukaera guztian festa giro ederra izan dugu. Elorriagako festa batzordearen izenean, eskerrak eman nahiko genizkieke San Sebastian jaiak aurrera ateratzeko laguntza eman diguten guztiei", nabarmendu dute antolatzaileek.

Argazkiak: Elorriagako Festa Batzordea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide