Gipuzkoako udalerrietara egiten ari den bisiten artean, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez Aizarnazabalen izan zen duela bi aste. Bertan, Aizarnazabalgo eta Zumaiako alkateekin, Mari Karmen Arregirekin eta Iñaki Ostolazarekin, elkartu zen. Bileran izan zen, baita ere, Oikiako Auzo Elkarteko kide Bertol Etxabe. Bi herrien artean Lurraldebusek eskaintzen duen autobus zerbitzua hobetzea aztertu zuten beste gai batzuen artean.
Izan ere, oikiarrak zein aizarnazabaldarrak kexu dira Lurraldebusek eskaintzen duen zerbitzu urriagatik. Horren harira, Arregik azaldu zuen puntako ordu jakin batzuetan erabiltzaileak autobusera sartu ezinik geratzen direla. Beste eskaera bat ere egin zioten Dominguezi: autobusek Muniosoron geldialdiak egin ditzatela.
"Aizarnazabalgo bizilagunek Zumaiarako bidaien garraio zerbitzuen kopurua handitzeko eskatu zioten udalari. Horregatik, Azahara Dominguezekin hitzordua eskatu nuen egoera aurkeztu eta aztertzeko", azaldu zuen Arregik.
Zerbitzua indartu
"Jakin badakigu horrelako udalerri txikietan garraio publikoa funtsezkoa dela herritarrek beren bizitzako hainbat alderdi garatu ahal izateko; horregatik, ezinbestekoa da erakundeok elkarrekin lan egitea garraio publikoko zerbitzua jasangarria, erosoa, segurua eta herritarren benetako beharretara egokitutakoa izan dadin", adierazi zuen Dominguezek.
Lurraldebusek Aizarnazabal eta Zumaia artean eskaintzen zuen zerbitzuaren emakida amaitzear dela jakinarazi zuen diptutatuak, eta konpromisoa hartu zuen zerbitzua betetzeko erabiltzen diren autobusen edukiera kontsultatzeko. Edukiera hori benetan osatuz gero, zerbitzuak indartzeko aginduko duela adierazi zuen, "beste herrietan egiten den modura".