Aurten antxoa berdela baino lehenago iritsiko da portuetara

Julene Sorarrain 2025ko mar. 6a, 14:09

Artxiboko irudian, antxoa Getariako portuan, kaxetan.

Antxoaren kanpaina astelehenean hasiko dute, eta asteartean merkatuan egongo dela esan du Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak, "zorte onez, gure kostatik gertu dagoelako". Berdela, berriz, martxoaren erdialdera hasiko dira arrantzatzen.

Hastear da aurtengo antxoaren kanpaina, eta Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak jakinarazi du Getariako eta Orioko ontziak astelehenean aterako direla antxoatara. "Antxoa, zorte onez, gure kostatik gertu dugu, beraz, asteartean izango dugu gure merkatuetan. Berdelari dagokionez, aurten beranduago iritsiko da, martxoaren erdialdera hasiko baikara arrantzatzen".

Berdelari dagokionez, iaz erabaki zuten Europako Batasuneko Arrantza ministroek baxurako eta alturako arrantzaleek aurten izango dituzten kuotak. Izan ere, arrantzaleek berdel gutxiago hartu ahal izango dute, baina txitxarro gehiago. Kezka adierazi zuen Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak berdelaren biomasagatik. Azken hiru urteetan berdelaren kuota jaitsi egin dela azaldu zuen, eta aurten euskal arrantzaleak ez direla gai izan kuota betetzeko.

Aurten, beraz, %18-20 berdel gutxiago harrapatzeko aukera izango dute arrantzaleek. Bi modalitateko ontziak daude: amuarekin arrantzatzen dutenak; eta besteak, berriz, sareekin arrantzatzen dutenak. "Guk %90 arrantzatu genuen iaz, baina amuarekin arrantzatzen duten ontzien kasuan, %60 geratu ziren harrapatu gabe", azaldu du Urrestik.

Berdela gero eta gutxiago etortzen dela gaineratu du Urrestik. "Neurriak hartu behar izan dira, iparraldean, nazioarteko uretan, neurririk eta mugarik gabe arrantzatzen dabiltzalako. Ontzi handiek arraina kentzen dute, eta espeziea kaltetu egiten du. Neurri gabe arrantzatzen bada, dena agortu egingo da", iritzi dio.

Antxoa kuoten inguruan negoziaketak

Bestalde, arrantzaleen kofradietako ordezkariek –tartean Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradietakoek– bilera izan dute aste honetan Espainiako Gobernuaren Arrantza Idazkaritza Nagusiarekin, eskaera bat egiteko: arrantzontzi bakoitzak edukitzea bere antxoa kuota; hau da, kuota ez izatea Kantauri itsasoan arrantzan aritzen diren itsasontzi guztientzat.

Kuota orokorra oraingo bera izango litzateke, baina eredu berri baten arabera banatuta. Arrantza Idazkaritzak kofradiei erantzun die ados jartzeko Kantaurin aritzen diren kofradiak, eta egiteko planteamendu zehatza. Bi hilabeteko epea eman die horretarako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide