Beste modura denona da onura lelopean ekin dio Errigorak udaberriko kanpainari. Herritarrek martxoaren 26ra bitartean egin ditzakete udaberriko kanpainari dagozkion kaxen eskaerak. "Egungo kontsumo ereduaren onuradun nagusiak bitartekariak dira, herritarron elikadura negoziorako tresna gisa erabiliz aberasten direnak", esan dute Errigoraren arduradunek. Horrek ekoizle nahiz kontsumitzaileak "kinka larrian" jartzen dituela adierazi dute. "Horien ongizatea enpresarien espekulazio ariketek baldintzatzen dute. Testuinguru ezegonkor honek bestelako eredu bat sortu eta bultzatzeko beharra etengabe azaleratzen du".
Egiteko beste modu hori "elikadura burujabetza" dela uste dute, eta horrek "onura ugari" dituela: "Onurak pertsonalak zein kolektiboak izan daitezke, eta gure ustez, guztiz lotuta doaz bata bestearekin. Elikadura burujabetzaranzko bide honek, ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko bitartekaritza eredua eraldatzearekin batera, horien arteko zubiak sortzen ditu".
Bi arlo horiek hurbiltzeak "gardentasunean eta sareak sortzean aurrerapausoak ematen" laguntzen duela diote Errigoraren arduradunek, "horrela, euskal lurraldeen arteko lotura ekonomiko zein sozialetan sakonduz".
Bide horretan, herritarrek dagoeneko eska ditzakete Nafarroa erdi eta hegoaldeko oliba olio birjina estra, kontserbak, ardoa, arroza, pasta edota lekaleak jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Gainera, aurtengo eskaintzak berrikuntzak izango dituela aurreratu dute. Hona hemen berrikuntza horiek:
- Arroz konbentzionala (12 kg-ko sorta).
- Lekale (dilista eta txitxirioak) bakoitzak sorta propioa du, kiloko paketeetan.
- Arbendolak 120 g-ko 12 paketetan eskainiko dituzte: batetik, txigortuak gatzarekin, eta naturalak, bestetik.
- Pasta sortak ere badituzte, 400 g-ko paketeetan ohiko makarroi txuria eta albahaka fussiliariaz; belar probentzal zaporedun fussiliak gehituko zaizkie.
- Ardo sortetan (6 botilakoak), ardo berezien kasuan, Azpea upategiko Santa Cecilia ardoa da berrikuntza, eta ardo gorenetan, Aristu upategiko ardo txuri eta gorria.
Eskaerak
Saskiak eskatzeko epea martxoaren 26ra artekoa da, eta Internetez edota telefonoz eska daitezke; Internetez, errigora.eus webgunean, edo telefonoz, 848-87 12 23 zenbakira deituz.