Gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu garraiobide publikoak, izan trenak, izan autobusak. Azken horiei dagokionez, iazko bidaiari kopuruaren berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatu Azahara Dominguez. Hala, bere esanetan, iaz marka hautsi zen, eta bidaiari kopurua 3,5 milioira igo zela azpimarratu du. Kopuru horretara Debabarrena eta Urola Kosta eskualdetako kopuruak batuta heldu dira.
Lurraldebusek Urola Kosta eskualdean ematen duen zerbitzuetatik erabiliena Zumaia eta Donostia N634 errepidez lotzen duen Zumaia-Donostia dela ere eman du Dominguezek aditzera. Haren esanetan, autobus linea hark 597.831 bidaiari izan ditu 2024. urtean zehar.
Erabiltzaileen profilari dagokionez, hamarreti sei baino gehiago emakumeak direla ere xehetu du: %63,98 izan dira emakumeak eta gainontzeko %36,02 gizonak.
Kopurua handitzeko asmoa
Dominguezen esanetan, kopuru horiek "bikainak" dira eta bere ustez garraio publikoaren erabilera sustatzeko politikak "emaitzak ematen ari dira". Etorkizunera begira, kopuruei eutsi baino, asmoa handitzea dela ere nabarmendu du diputatuak.