Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak "independentzia mozioen lehengo olatua" abiatu du. Euskal Herri luze-zabaleko 101 udaletan erregistratu dituzten beraien herriak Euskal Errepublikako kide izan nahi duten edo ez erabakitzeko mozioak, tartean Urola Kosta eskualdeko zazpi herritan: Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zestoan.
Iaz, Plentziako Udala (Bizkaia) izan zen Euskal Herriko historiako lehen erakundea bere burua Euskal Errepublikako parte zela deklaratzen. Orain, ordea, bide hori sakonago urratu nahi du mugimenduak, mozioak beste hainbat herritara zabalduta. Etzi, esaterako, Durangon (Bizkaia) eztabaidatuko mozioa, eta apirilaren 16an, Gasteizen. "Imajinatzen al duzue zuen udalak Euskal Errepublikaren parte dela deklaratuko balu herrian zer giro sortuko litzatekeen? Eta lehen olatu honetan Euskal Herri osoko 40 herrik beren burua Euskal Errepublikako kide direla deklaratzeak zein eskenatoki politikotan kokatuko gintuzkeen?", galdetu dute.
2019. urtean abiatu zuen bere ibilbidea Ehunek, independentzia prozesua alde bakarretik aurrera egin behar zuela sinetsita. Dena den, mugimendua desegin egingo dutela iragarri dute: "Elite independentistaren ezezkoak suposatu duen lan gehigarriari aurre egiteko Ehun ez da nahikoa izan. Lana izugarri zaildu digute. Horregatik, lan hau bakarrik ezin dugula aurrera atera onartuta, Ehun itzaltzea erabaki dugu", adierazi dute.
Desegin aurretik, baina, "independentismoak ilusioa berreskuratzeko behar duen bide sinesgarria martxan" jarriko dute. Mugimenduak aukera eman nahi die herritarrei eta alderdiei "Euskal Errepublikaren aldeko prozesuan urratsak egiteko". Horren harira, mozioa jaisteko aukera ematen ere ari dira beraien webgunean, testua erregistratuta ez dagoen udaletan norbanakoei edota eragileei horretarako aukera eskainiz. "Ehunek bide bat erakutsi du, herritar guztioi dagokigu Euskal Errepublikaren aldeko prozesuan urratsak ematea".