Errenta kanpaina abiatu du Ogasunak eta aitorpenak euskaraz egiteko deia zabaldu du UEMAk

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 25a, 15:30

Gipuzkoako Foru Ogasunaren eraikinak Donostian.

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2024ko Errentaren kanpaina abiatu du, eta aitorpenak euskaraz egingo dituzten herritarrak gehiago izan daitezen nahi du UEMAk. Horretarako, Ogasunarekin euskaraz kanpaina abiatu du.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko foru ogasunek 2024ko errentak likidatzeko aldia abiatu berri dute, eta aitorpenak euskaraz egiteko deia luzatu die UEMAk herritarrei, hainbat erakunde publikoekin elkarlanean urtero bideratzen duen kanpainaren bitartez. Ogasunarekin euskaraz da Gipuzkoan erabiliko duten leloa, eta herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultza egingo du kanpainak.

Gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten dituzten herritarrak, baina, hala ere, "batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean", UEMAk ohar batean adierazi duenez. Hain zuzen, alde hori murriztu nahi du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, herritarrak aitorpenak euskaraz egitera bultzatuz.

Aitorpena euskaraz nola egin azaldu du eskualdeko herri gehienak –guztiak, Aia salbu– barne hartzen dituen mankomunitateak. Hala, autolikidazio proposamena onartuko duten herritarrek, berdin internet bidez edo telefonoz egiten badute, adierazi behar dute euskaraz egin nahi dutela izapidea. Errenta mekanizatua egingo duten herritarrek, halaber, hitzordua eskatzerakoan adierazi beharko dute ogasunarekin harremanak euskaraz nahi dizuztela.

Aurten, aitorpena internetez egiteko Errenta+ izeneko aplikazioa martxan jarri du ogasunak, eta eskuragarri dago jada iOS eta Android gailuentzat, dagokien aplikazio-dendetan edo Foru Aldundiaren webgunean. Horrela, aitorpena honen bitartez egingo dutenek, errenta programaren euskarazko bertsioa deskargatu beharko dute, eta hizkuntza atalean euskara hautatu.

Autolikidazioak, prest

Gipuzkoako Foru Aldundiak 285.595 autolikidazio proposamen ondu ditu, iaz baino 9.695 gehiago, eta 326.116 zergaduni zuzenduta daude (aitorpenen %67,7). Proposamen horiek gaurtik aurrera ikusi ahal izango dituzte herritarrek; internetez, telefonoz edo Errenta+ APParen bidez. Hilaren 31an irekiko da horiek onartzeko edo aldatzeko epea.

Apirilaren 3an hasiko da errenta aitorpen telematikoa, Zergabidea plataformaren bidez egingo dena, eta haren bidez ondarearen eta aberastasun handien gaineko zergaren aitorpena ere egin ahal izango da. Apirilaren 4tik aurrera aurrez aurreko aitorpenak egiteko hitzorduak hartzeko aukera egongo da, eta hilaren 8an abiatuko da aurrez aurreko errenta egiteko garaia.

Ekainaren 30ean amaituko da 2024ko errenta, ondarea eta aberastasun handien gaineko zergaren aitorpena egiteko epea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide