Txandakako trafikoa ezarriko dute Narrondo parean, bidegorriko aurre lanak direla eta

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 7a

Bidegorriko lanak egiten Arroabeko Sansinenea inguruan. (Juan Luis Romatet)

Bihartik aurrera, eta hiru astetan, ezarriko dute neurri hori Narrondo auzo inguruan, Iraeta eta Narrondo arteko bidegorriaren lanak direla eta.   

Pasa den uztailaren amaieran hasi zituzten Arroagoia eta Narrondo arteko bidegorriaren zatia eraikitzeko lanak. Behin lan horiek amaituta, Arroagoia eta Iraeta arteko tartea egitea faltako da Zumarraga eta Zumaia arteko bide berdea amaitzeko. Uztailaren 30ean Arroabeko Sansinenea industriagunean egindako agerraldian iragarri zutenez, azken zati hori urte amaieran edo datorren urte hasieran lizitatuko dute. 

Udatik hona, Urolako trenaren errailak kokatzen ziren plataforma gainean egin dituzte lanak. Arroabeko tren geltoki zaharretik malda baten bitartez jaitsiko da bidegorria, trenzubi inguruan, errepide parera heltzeko, eta handik Zumaia eta Narrondo arteko bidegorriarekin bat egiteko. Justu, datozen astetan aurre lanak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Narrondo inguruan. 

Lan horiek N-634 errepideko errei bat itxi beharra ekarriko dute, eta denbora horretan trafikoa txandakakoa izango da. Aurreikuspenen arabera, hiru aste iraungo dute aipatu lanek. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide