Azaroaren 1a egun seinalatua izaten da Itziarren; Santu Guztien eguneko errituaz gain, egun horretan du hitzordua Itziarko Peria gisa ezaguna den gertakizun nagusiak. Aurten, gainera, 30. edizioa ospatuko dute, eta ibilbide luzea goraipatzeko hainbat berrikuntza moldatu dituzte antolatzaileek. Gipuzkoan egiten den azokarik esanguratsuenetakoa bilakatu da denbora honetan Itziarkoa eta inguruko herrietatik jendetza inguratu ohi da bertara urtero, industrialdean hartzen duen gunea betetzeraino. Egindako ibilbidearen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek, eta azokaren eskaintza oparoaren gainetik “auzolanean sortu eta eraikitako eredua” goraipatu nahi izan dute, izan ere, herritar ugari aritzen da jarduera horretan, egunean bertan banatzen diren eginbehar ugariez gain aldez aurretik izaten diren bilera eta prestaketa luzean.
1994an bere fundazioaren 700. urteurrena bete zuen Itziarrek. Efemeride hori baliatuz antolatutako egitarauaren barruan egin zen lehendabizikoz azoka, ganadu erakusketa oinarri hartuta, garai hartako testuinguruarekin bat. Lehen sektorea oso bizirik zen artean, eta Itziarko baserrietako abere eta lehengaiak nahiko izan ziren, bertako produktu, makinaria, eta idi erakusketaz gain. Auzolana bultzatu eta nekazari kultura jendarteratzeaz gain, Itziarren abiatutako herrigintza prozesuak zekartzan gastu burokratikoak ordaindu eta herriko beharretarako finantziazio iturriak finkatzea zuen helburu. Herria Sortzen ekimenaren eskutik burututako zikloaren ondotik, 2014an Itziarko Peria Batzordea osatu zen, eta ordutik herritar taldeak hartua du beregain antolaketaren ardura. 2015ean Itziarko Auzo Udala eratu zenetik, erakunde berriaren babes gehigarria jaso du, urtean zeharreko ekitaldi nagusienetakoa den heinean. Covid 19 larrialdiak eraginda bertan behera geratutako bi aldiak izan ezik urtero egin da, gaur egunera arte.
Aurtengo berezitasunak: herri tonbola eta sagargintza erakusketa
Goizeko 09.00etan hasi eta 14.00etara bitartean luzatuko da egitaraua. Bertako produktuak izango dira ikusgai eta salmentan, horretaz gain, baserriko makinaria, abeltzaintza, hegaztiak, artisau postuak, arropa, tresnak, kinkileria, talogileak eta jan edana nahieran, egokitutako txosna eta postuetan. Ohi bezala, Euskal Herriko Sasi Ardien VII. Txapelketa egingo da goizean zehar eta, Gipuzkoako Ahuntz Azpigorrien VII. Txapelketa ere bai, sari ematea 13.00ean izango delarik. Asteasutik ekarritako baserri tresna zaharren erakusketa ere jarriko dute. Era berean, bertako ganadu arraza ezberdinak ikusteko aukera izango da, Euskal Abereak Elkartearekin lankidetzan. Eta Gipuzkoako Baso Elkarteko teknikariek mahaia jarriko dute, baso kudeaketari buruzko azalpenak eskainiz.
Aurten, orain dela urte batzuk egin ohi zen moduan herri tonbola berreskuratuko dute, Lizarbe Guraso Elkartearen eskutik. Herritar eta arlo ezberdinetatik musutruk eskainitako gaiak jarriko dira enkantean, halanola inguruko ostalaritza zerbitzuetan otorduak, nekazalturismo egonaldiak, artisauen emaitzak, dendetako produktuak eta denborapasa opariak, bestelako ekarpen eta eskulanez gain. Egitasmoak “jasotako irrika eta erantzun eskuzabala” nabarmendu dute. Itziarko Eskola Txikia izateko prozesuan dira, eta hortik guraso elkarteak izango dituen gastu berriei aurre egitea da tonbolaren funtsa.
Beste berrikuntza sagargintza eta sagardogintza erakusketa izango da, Gipuzkoan orain arte egindako handiena, antolatzaileen esanetan. Sagardogintza parajea omen da Itziar, horren adierazle dira oraindik martxan diren hainbat tolare. Sagar eta sagardo kultura sustatu nahi da honela, Usurbilko Alkartasuna Kooperatibaren laguntzaz eta Fruitel, Gipuzkoako fruitagintzaileen elkartearekin batera. DO (Euskal Sagardoa Jatorri Deitura) Sor zigiluaren babesa ere jaso dute. Euskal jatorria duten 135 bat barietate jarriko dira, sagardotarakoak eta jan-sagarrak; horiez gain, sagarra bildu eta ustiatzeko makinaria ere izango da ikusgai, sagarrondo txertaketa mota ezberdinen erakusketa mahaiaren ondoan.
Asmo honen atariko gisa, hitzaldia jarri dute urriak 30, ostegunean, Euskal sagar barietateak eta oinarrizko zaintzak izenpean, Aitor Etxehandia, Fruitel elkarteko teknikariaren eskutik. Hitzaldia 19.00etan izango da, Burugorrin.
Hasierako antolatzeei omenaldia
Hogeita hamargarren edizio biribila aintzat hartuta, Itziarko Periaren hastapenetara salto egin eta 1994an egitasmo hau martxan jarri eta urte haietan hainbesteko lana egin zuten herritarrei omenaldia eskainiko zaie. “Denbora luze honetan herritar ugarik isilpean auzolanean egindako lana izan da giltzarria” seinalatu dute, eta auzolanean jendarte zabala arituta ere “izen-abizen konkretuak izan zituen hasierako antolaketa hark, Herria Sortzen ekimenaren juntan aritzen ziren kideetatik hasi eta bolondres gisa inplikatutako bultzatzaileak”. Herritar horiek izendatu eta gorazarre egingo zaie eguerdiko ordu batean, azoka eremuan jarri ohi den eszenatokian. .
Garraio publikoa erabiltzeko deia
Itziarko Peria Batzordetik aurtengo ekitaldiak duen urteurren esanahi berezia seinalatu nahi izan dute, helduentzat zein umeentzat aproposa den egun-pasa planean etortzeko animatuz herritar oro. Asmo horretan, garraio publikoa erabiltzeko deia egiten dute, autoen pilaketak saiheste aldera. Batetik, Itziartik pasatzen diren Lurraldebus DB03 eta DB05 lineak ohiko ordutegiarekin ibiliko dira, bestetik, Txitxarro dantzalekua zenaren aparkalekua irekiko dute, han autoa laga eta bertatik azoka gunera goiz osoan martxan izango den autobusean mugitzeko aukerarekin.