Otsailaren amaierara arte jarraituko du itxita N-634 errepideko erreiak, Narrondo parean

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 29a

Auto ilarak Narrondo parean. (Juan Luis Romatet)

Arroabeko tren geltoki zaharra eta Narrondo arteko bidegorri zatia egiteko lanek behartuta itxi zuten errepideko errei bat urriaren hasieran. Txandakako trafikoa ezarri dute ordutik, eta horrek auto ilara handiak eragin ditu bi noranzkoetan. Aldundiaren arabera, erreia "gutxienez" otsailaren 28ra arte egongo da itxita. 

Auto gidari askorentzat zigorra bihurtu da, Urola bailarara edo Deba aldera egiteko, N-634 errepidea hartzea. Izan ere, Arroagoia eta Narrondo arteko bidegorria eraikitzeko lanak direla medio, errepideko errei bat itxita dago urriaren hasieratik, Narrondo eta Arroabeko Bombas Azcue enpresaren artean. Semaforo bidezko txandakako trafikoa ezarri zuten lanak abiatzearekin batera, eta horrek auto ilara handiak eragin izan ditu egun osoan zehar. 

Arazo handienak puntako orduetan gertatzen dira, goizeko lehen ordutan, eguerdi partean, eta arratsaldean, lanetik itzultzerakoan. Une horietan, bizpahiru kilometroko ilarak sortzen dira, Arroabeko biribilgunetik, AP-8ko ordainlekura arte. Sortzen diren auto pilaketen jabedun, ordu puntetan ertzainak egoten dira trafikoa zaintzen, eta autoei pasoa ematen. "Lanera joateko ohikoa baino 10-15 minutu lehenago atera behar izan behar dugu orain, bestela ilerekin egingo dugu eta topo", zioen lanerako autoa erabili behar zuen zumaiar batek, eguneroko auto ilarak direla eta. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentua ari da lan horiek egiten, eta harekin jarri da harremanetan Guka. Foru sailetik adierazi dutenez, erreia itxi behar izatea beharrezkoa da, "obraren errendimendua eta errepideko langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko", eta gaineratu du, "gutxienez", otsailaren 28ra arte egongo dela aipatu erreia itxita. Lanek sortu dituzten eragozpenen jakitun direla ere nabarmendu du aldundiak, baina azpimarratu du neurri horiek "beharrezkoak" direla "etorkizun hurbilean bizikleta eta oinezkoentzako bidearen zati berri hau herritarren erabilera eta gozamenerako eta mugikortasun jasangarriago izateko".

Arroagoitik Narrondora

Izan ere, Urolako bide berdeko lanen barruan, Arroagoiko trenaren tunela eta Narrondo arteko bidegorria egiteko lanak abiatu zituzten pasa den uztailaren amaieran. Zati horrek 2,7 kilometroko luzera du, eta gehiena Urola trena igarotzen zen plataformaren gainean joango da, aipatu tuneletik, Urolaren Arroabeko tren geltoki zaharrera arte. Handik, %5,5 pendiza izango duen aldapa baten bidez jaitsiko da errepide mailara; Narrondoko trenzubi parean egingo dute bat errepideak eta bidegorriak. Uztailaren amaieran Zestoako Sansinenean egin zuten aurkezpenean iragarri zutenez, "hori da lanik zailena". Trenzubitik Narrondora arteko tartea errepidetik paralelo joango da, eta han bat egingo du Zumaiara doan bidegorriko zatiarekin. 

Aurkezpen saio hartan azaldu zuten, baita ere, Arroagoia eta Iraeta arteko zatia egitea faltako dela Urolako bide gorri sarea amaitzeko. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak esan zuen orduan, zati horren inguruko informazioa badutela, eta, dena ondo bidean, datorren urte hasieran lizitatuko dituztela obrak, 2026ko amaieran edo 2027ko hasieran bukatutzat emateko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide