Pasa den asteburuan egin zuen Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) urteko batzarra, eta beste puntu batzuen artean, denboraldi berria Kauntari isurialde kanpoko lekuren batean hastea erabaki zuten. Euskotren eta Eusko Label ligen hasierako arraunketa saioa non egingo zuten ez zuten iragarri, baina EITB aurreratu zuen Madrilen (Espainia) jokatuko dituztela.
Konkretuki, estropada horiek ekainaren 28an jokatuko dituzte, Madrilgo Buitrago de Lozoya urtegian. Estropada formatua ere bitxia izango da. Izan ere, traineruak binaka aterako dira, eta egin beharreko lana sei luzekoa izango da.
Aurretik ere kanpora eraman ditu TKEk denboraldi hasierako estropadak, Andaluziara, Herrialde Katalanetara edota Aragoira, esaterako. Bordelen egiteko saiaketa ere izan zen, baina bertan behera utzi behar izan zuten ibaiaren egoeragatik, ontziak dagoeneko bertan zirenean.
Datorren urteko egitarauko beste data batzuk ere zehaztu dituzte. Hala, Gipuzkoako traineru txapelketa maiatzaren 31n jokatuko dute, Euskadikoa ekainaren 7an, Getarian, eta Espainiakoa ekainaren 13an eta 14an, Galizian.