Ostiral eta larunbat honetarako abisu laranja ezarri dute Gipuzkoako kostaldean, olatu handiengatik. Ostiraleko 03:00etan hasi, eta larunbat eguerdira arte egongo da indarrean abisua, baita abisu horri dagozkien neurriak ere. Udalek laster jakinaraziko dute neurririk hartu duten ala ez, baita horien xehetasunak ere.
Orion, esaterako, itsasgora garaian olatuek barra gainditzen dutela ikusten badute, itxi egingo dute hondartzako barrarako bidea, udaltzainek Gukari baieztatu diotenez. Bihar itsasgorak 08:33ean eta 20:59ean izango dira; larunbatean, 09:20ean eta 21:51n.
Aemet metereologia agentziak zehaztu du bihar goizaldeko 03:00etatik aurrera egongo dela indarrean abisu laranja, 6-8 metro arteko olatuak sortuko direlako eta mendebaldeko haizeak gogor joko duelako, 62-74 kilometro orduko abiadurarekin (8. mailako indarra), tarteka baita 75-88 kilometro orduko abiadurarekin ere (9. maila).
Larunbatean, berriz, eguerdira arte iraungo du abisuak, 12:00 arte. 5-6 metroko olatuak espero dira, eta 62-74 kilometro orduko haizea, 8. mailako indarrarekin.