Bertsozaleek hitzordu berezia izango dute datozen hilabeteetan Gipuzkoan: Herriarteko Txapelketa. Hain zuzen ere, lurraldeko eskualdez eskualde jokatuko dute lehiaren lehen fasea, eta Urola Erdian nahiz Urola Kostan ere izango dira bertso saioak. Izan ere, eskualdeko hamabost taldek parte hartuko dute aurreneko fasean.
Eskualdeka antolatu dituzte lehen faseak, eta Urola Erdian nahiz Urola Kostan aparte egingo dute sailkapen saioak. Hain zuzen ere, Urola Erdiko kanporaketa fasea Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatu du, eta Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo zein Zestoako zazpi talde ariko dira lehian; Urola Kostan, berriz, zortzi talde: Zarauzko lau, eta Zumaiako, Getariako, Aizarnazabalgo eta Orioko bana. Urola Erdiko sailkapen fasea datorren ostiralean –urtarrilak 23– hasiko da, eta Urola Kostakoa, aldiz, otsailaren 6an.
Aste Santu aurretik egingo dituzte eskualdekako lehen faseak, eta gero ekingo diote bigarren faseari, hau da, Gipuzkoa mailakoari. Dena den, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak larunbatean emango ditu Herriarteko Txapelketaren gaineko xehetasunak, Villabonan egingo duen aurkezpenean.
Otsailean, Urola Kostan
Urola Kostako sailkapen fasea otsailaren 6an hasi eta martxoaren 14an bukatuko da. Kanporaketa saioak nahiz finalerdiak bertso afari formatuan egingo dituzte, eta finala, berriz, prestatu duten Bertso Egunaren bueltan egingo dute.
Aurreneko saioa Aian izango da, Andatzako elkartean, otsailaren 6an; bigarren saioa hilaren 13an Zumaian egingo dute, San Migel elkartean; hirugarrena otsailaren 20an, Aizarnazabalen izango da, Mikel elkartean; eta laugarren eta azken saioa, berriz, Getariako Askizu auzoko elkartean egingo dute.
Saio horietako talde irabazleak finalaurrekoetara sailkatuko dira. Martxoaren 6an egingo dituzte horiek, Zarauzko Hiruputzu Gaztetxean; 19:00etan egingo dute aurreneko finalerdia, eta afaldu eta gero gauzatuko dute bigarrena. Bi saio horietako garaileak ariko dira finalean kantuan. Eskualdeko bertso eguna izango da martxoaren 14an Orion, eta egun horren baitan egingo dute finala: Etxeluze gaztetxean izango da, bazkaldu eta gero.
Urola Kostako saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean jarriko dituzte salgai, eta antolatzaileek azaldu dutenez, saioa egingo duten elkarteetan ere bai, kasu batzuetan.
Urola Kostako taldeak:
- Allepunta (Zarautz): Julen Zulaika, Hodei Iruretagoiena eta Felix Zubia bertsolariak; Ibon Aristi gai jartzailea; eta Elisa Iztueta epailea.
- Errikotxia (Orio): Inhar Gastiain, Ganix Miner, Iker Gurrutxaga, Iñaki Gurrutxaga, Xabier Sukia eta Egoitz Eizagirre; Maddi Etxeberria, Jone Arruabarrena eta Ibai Esoain gai jartzaileak; eta Xabier Iribar eta Mikel Iruretagoiena epaileak.
- Zumaia (Zumaia): Irati Arakistain, Urko Arakistain eta Joar Garate bertsolariak; Iban Narbaiza gai jartzailea; eta Asier Arakistain epailea.
- Andraseñorak (Zarautz): Joane Aldalur, Irati Tolosa, Uxue Alkorta eta Aner Peritz bertsolariak; Jone Lizarralde gai jartzailea; eta Maddi Iruretagoiena epailea.
- Joxe Jimenezen kasta (Aizarnazabal): Iban Gorriti Beltza, Aritz Hernandez Larrume eta Markel Eizagirre bertsolariak; Leire Iruretagoiena gai jartzailea; eta Egoitz Zulaika epailea.
- Sendabelarrak (Zarautz): Iñigo Mantzizidor Mantxi, Aritz Aranburu Anbu, Aimar Sorazu eta Nahikari Gabilondo bertsolariak; Onintza Garcia gai jartzailea; eta Unai Muniain epailea.
- Arrai nahastua (Getaria): Amets Aizpurua, Libe Goenaga, Danel Olano eta Egoitz Aizpuru bertsolariak; Uxune Areizaga eta Ane Ezenarro gai jartzaileak; eta Nerea Kamio epailea.
- Zarauzko gazte jendia (Zarautz): Jakes Etxeberria, Mateo Larraza, Andoni Aranberri eta Adei Urbitarte bertsolariak; Ixone Ayerbe gai jartzailea; eta Itxaso Irastorza epailea.
Egutegia, zehaztuta
Honako hau da otsailetik martxoaren erdira bitartean Urola Kostan jokatuko duten fasearen egutegia.
Otsailak 6, ostirala. 20:30ean, Allepunta eta Errikotxia taldeak, Andatzako (Aia) elkartean.
Otsailak 13, ostirala. 20:30ean, Zumaia eta Andraseñorak taldeak, Zumaiako San Migel elkartean.
Otsailak 20, ostirala. 20:30ean, Joxe Jimenezen Kasta eta Sendabelarrak taldeak, Aizarnazabalgo Mikel elkartean.
Otsailak 27, ostirala. 20:30ean, Arrai Nahastua eta Zarauzko Gazte-jendia taldeak Askizuko (Getaria) elkartean.
Martxoak 6, ostirala. 19:00etan, finalaurrekoak Zarauzko Hiruputzu gaztetxean.
Martxoak 14, larunbata. Bertso Eguna, Orion. Bertso poteoa, bazkaria eta finala egingo dituzte. Bazkaria eta finala Etxeluze gaztetxean izango dira.