Gaztetxoei sare sozialetarako sarrera mugatu bai, eta nola?

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 13a

Sakelako batzuk lurrean, eta atzean, lagun talde bat berriketan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Orioko eta Zarauzko Altxa Burua taldeek pozik hartu dute Espainiako Gobernuak onartu nahi duen lege berriaren iragarpena, 16 urtetik beherako gaztetxoek sarbiderik ez dezaten izan sare sozialetara. Pantailak Euskarazeko Ioritz Gonzalezentzat, berriz, heziketa da gakoa, debekuen aurretik. 

Espainiako Gobernuak 16 urtetik beherako haur eta nerabeei sare sozialak debekatzea nahi du, eta erantzuleak plataforma horiek izatea. Aurreikuspenak betetzeaz, neurria laster sartuko da indarrean.

Eskualdean haurrak pantailetatik babesteko lanean ari diren talde batzuek pozik hartu dute berria; beste batzuk, berriz, kritiko agertu dira. Orioko Altxa Burua taldea, esaterako, gustura da: "Gazteei sare sozialetan ibiltzeko debekua jartzea baino gehiago, gaur arte gazteen bizitzetan inolako kontrolik gabe sartu, haien arreta kontrolatu eta beraien intimitatearen barruraino sartu diren multinazional handiei jarritako muga gisa ikusten dugu neurria. Adituek diotenaren arabera, nerabeen garunak zailtasunak ditu eskuko telefonoek eta sare sozialek eskaintzen dituzten estimulu azkar eta saridunak kudeatzeko. Eta lege berri honek, oraindik prestakuntza emozional eta kognitibo nahikorik ez duten gazteak arrisku horietatik babestuko ditu".

 

"Familiok eta hezitzaileok betidanik eskatu izan dugu erakundeek ardura hartzea, eta beraz, gaia legeztatzea oso-oso positiboa dela uste dugu"
Miren Ros
(Guk 16 Zarautz taldea)

Guk 16 Zarautz taldeari, berriz, neurri ona iruditzen zaio, baina Miren Ros kideak aitortu du xehetasunak ikustea falta dela, eta hori ere badela garrantzitsua. "Ez dakigu praktikara nola eramango den teknikoki, horri buruzko informazioa falta zaigu; hor dago gakoa". Ioritz Gonzalez Pantailak Euskaraz taldeko kide azkoitiarrak ere uste du "araudi falta" handia dagoela, baita ezjakintasuna ere, baina sare sozialetara sarbidea erabat debekatzea baino, heziketa lana egitea hobesten du, eta pausoak "progresiboki" ematea.

Haur batzuk sakelakoekin jolasean. (Altxa Burua Aia)

Rosentzat garrantzitsuena da gaia mahai gainean jarri dutela behingoz: "Familiok eta hezitzaileok betidanik eskatu izan dugu erakundeek ardura hartzea eta, beraz, gaia legeztatzea oso-oso positiboa dela uste dugu, horri esker dagokion seriotasuna hartzen duelako". Uste du lege horri esker gurasoei "zer pentsatua" emango diela "9 urteko seme-alabek Tiktoken kontua izateak". Hori bezain garrantzitsua iruditzen zaio, gainera, oraindik konturik ireki ez duten gurasoen aurrean eragiteko balioko duela legeak: "Argudio potentea da legez zehaztuta egotea sare sozialetan konturik ezin dela eduki". Oriotarrek osasun mentala ere aipatu dute: "Neurriak osasun mentala zaintzen lagunduko du. Izan ere, ikerketen arabera, sare sozialek antsietatea, autoestimu baxua, lo egiteko arazoak eta presio sozial handia eragiten dizkiete gazteei".

Legeak alde txarra eduki dezakeela ere badakite, teknikoki ez badira gauzak zuzen egiten: "Teknikoki ez bada dena ondo lotzen, zirrikituak egongo dira gazteek trikimailuren batekin legea gainditzeko", dio Zarauzko taldekideak. Horrelakoak beti egongo direla jakitun dira, ordea, "bizitzako beste alor guztietan bezala".

Pribatutasunean eragina?

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak datuen zorro digital beta sortu du –oraindik ez dago martxan– "pribatutasuna babestu" eta, aldi berean, erabiltzaileak identifikatu ahal izateko. Pribatutasunaren kontua mahai gainean lehenagotik zegoen, esaterako, pornografia webguneetara soilik adinez nagusiak bakarrik sartzeko modua aztertzen aritu zirenetik. "Erabiltzaileak 18 urte dituela ziurtatzeko, aukeretako bat da NA eman behar izatea, baina horrek talka egiten du datu babeserako legearekin, inork ez duelako zertan jakin nor sartu den webgune horretan, eta horregatik sortu dute zorro digital beta hori", azaldu du Rosek.

"Neurriak osasun mentala zaintzen lagunduko die gazteei"
Altxa Burua Orio

Zorro digitalari esker, herritarraren informazioa karpeta batean jasotzen da, eta norbaitek apustu etxe batean edo pornografia webgune batean sartu nahi duenean, webgune horrek kode bat eskatuko du. Horren bitartez, zorro digitala txekeatuko du, eta norberaren adina azalduko da hor. Teorian, ez ditu gainerako datuak ikusiko eta zabalduko. "Australian, esaterako, argazkiak ateratzen dituzte, edo ahots bidez egiten dituzte berrespenak, eta hori intimitatearen kontra doa", azpimarratu du Zarauzko taldekideak. Horregatik, Espainiako Estatuak hartu duen erabakia "askoz hobea" dela deritzo. Aitortu du, hori bai, ez dakitela asmoa zertan geldituko den, ezta nola gauzatuko duten ere. Orioko taldeak gaineratu du ez dagoela zertan aukeratu: "Ez dugu pribatutasunaren edo segurtasunaren artean hautatu behar: biak babestu behar ditugu".

Gonzalezek, berriz, uste du "pribatutasuna lehenetsi" behar dela, eta horri lotuta, azaldu du teknikoki "oso-oso zaila" dela pribatutasunari eragin gabe neurria martxan jarri ahal izatea.

Whatsapp eta Telegram aplikazioak ez dira lege berriaren barruan sartuko momentuz, eta horri buruz galdetuta, Zarauzko taldekideak uste du bide horietatik gaztetxoei "min handia" ematen zaiela, "ziberjazarpena" jasotzen dutelako. Horregatik, sare sozial horiek ere kontuan hartu beharko lituzketela uste du. Dena den, bi aplikazio horiek lege berritik kanpo geldituta ere, "pauso ikaragarria" iruditzen zaio beste sare sozialak mugatzea gaztetxoei. Hori argudiatzeko, datu inportantea eman du: "Australiako Gobernuak abenduan jarri zuen indarrean legea, eta ia bost milioi kontu ezabatu dituzte ordutik".

"Sare sozialetara sarbidea erabat debekatu baino, heziketa lanean jarri behar genituzke indarrak, eta pausoak progresiboki eman"
Ioritz Gonzalez
(Pantailak Euskaraz)

Gonzalez ez da iritzi berekoa, uste baitu gaztetxoek sare sozial horiez egiten duten erabilera gehiago dela ona, txarra baino, eta horretan ere indarrak heziketan eta prebentzioan jartzearen alde azaldu da Pantailak Euskaraz taldeko kidea.

Debekua ala heziketa?

Azken egunetan izan da Espainiako Gobernuak egindako proposamenaren kontra agertu den aditurik ere, "adingabeak infantilizatu" egiten dituela esanez. Orioko taldea, Ros nahiz Gonzalez bat datoz iritzi horri kontra egiteko argudioetan: "Nerabeei ez zaie ezer debekatu; teknologika horiei debekatzen zaie nerabeengana iristea, eta alde handia dago hor. Debeku hitzarekin kontuz ibili behar dugu: denbora da 'debekua ala heziketa' dikotomia planteatzen dela hainbat eremutan, eta gure ustez, ez dira antagonikoak. Hau da, debekatu beharra dugu, eta gainera, hezi". Adibide ugari daude dikotomia horren inguruan: esaterako, legez debekatuta dago 18 urtez azpikoei alkohola eta beste drogak saltzea; "debekua ez da gaztearentzat, baizik eta tabernariarentzat, dendariarentzat eta abar".

Taldeen mezua

Gazteen artean pantailen erabilera mugatzearen alde dauden taldeek urteak daramatzate lanean gazteei smartphoneak ahalik eta beranduen emateko helburuarekin. Ñabardura bat egin nahi dute, ordea: "Gaztetxoei sakelakoa ez erosteaz gain, etxeko beste sakelako edo gailuetarako sarbidea mugatu behar diegu, ez daitezen sare sozialetan ibili. Iruditzen zaigu egokiena izango litzatekeela sare sozialen sarbidea atzeratu eta, aldi berean, etxean eta ikastetxeetan hezkuntza digitala eta mugak lantzea. Hori da gure mezua", esan dute. Horrez gain, talde horiek argi dute lanean jarraitu behar dela herritarrak kontzientziatzeko. Familia zaurgarriengana iristea da erronketako bat: "Bizitzak behartuta, askotan pantailak bihurtzen dira ume horien zaintzaile, eta horrek min handia egiten du", esan dute. "Legeak lagunduko digu, baina familia guztietara iristea da gure erronka handienetarikoa, baita heziketan sakontzen jarraitzea ere".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide