Lanperna-musu itsas hegazti ugari hilik azaldu dira gaur goizean kostaldean; tartean, Zumaiako, Getariako, Zarauzko eta Orioko hondartzetan bildu dituzte aipatu hegaztiak. Gehienak hilik aurkitu badituzte ere, beste hainbat bizirik erreskatatzea ere lortu dute.
Herri bakoitzeko datu zehatzik ez du eman oraindik Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animali eta Landareen Zerbitzuak; hala eta guztiz ere, esan du Gipuzkoako kostaldean, oraingoz, 300 hegazti baino gehiago bildu dituztela –horietako 60 inguru Zumaiako Itzurun hondartzan–. Halere, kopurua handitzen ari da aurrera joan ahala, uneoro hegazti gehiago jasotzen ari baitira.
Aitor Lekuona Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animali eta Landareen zerbitzuburuaren esanetan, urtarrilean eta otsailean egindako eguraldi kaskarraren eraginez heldu dira hegazti horiek hondartzetara. "Ekaitz ugari eta oso bortitzak egin ditu itsasoan, eta horrek eragin zuzena du itsas hegaztiengan", azaldu du. Pasa den astean ere jaso zituzten hegazti batzuk itsasertzetan, baina, Lekuonaren hitzetan, "asteburu hau izan da gogorrena. Galiziatik hasi eta honainoko hondartza guztiak daude berdin".
Halaber, Lekuonak argitu du Foru Aldundiaren animali basatiak berreskuratzeko zentrora eramaten ari direla jasotako hegaztiak. "Hilda heltzen direnen datuak jasotzen ditugu, eta ondoren erraustu egiten ditugu. Bizirik daudenei, berriz, beroa eman eta hidratatu egiten ditugu, oso ahul iristen baitira".