Andraseñorak taldea irabazle, Zumaian jokatutako kanporaketan

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 16a

Urola Kostari dagokion Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten pasa den ostiralean Zumaiako Inpernupe elkartean. Zumaia taldea eta Zarauzko Andraseñorak taldea aritu ziren kantuan, lagunarteko giroan jokatutako saioan.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako Urola Kostako bigarren kanporaketa hartu zuen ostiralean Zumaiako Inpernupe elkarteak. 20:30ean hasita egin zuten afaria, eta Urola Kostako bi talde aritu ziren afalostean norgehiagokan: Zumaia taldea eta Zarauzko Andraseñorak.

Zumaiako taldean Joar Garate, Urko Arakistain eta Irati Arakistain bertsolariak aritu ziren kantuan, eta Zarauzkoan, berriz, Aner Peritz, Uxue Alkorta, Joane Aldalur eta Irati Tolosa. Gai jartzaile lanetan Iban Narbaiza (Zumaia) aritu zen, eta Asier Arakistain (Zumaia), Maddi Iruretagoiena (Andraseñorak) eta Unai Muniain (Sendabelarrak taldea, Zarautz) izan ziren epaileak. Idazkaria, berriz, Jone Lizarralde (Andraseñorak).

Giro bikaina izan zen afaritan nahiz saioan, eta umoretik ere izan zuen saioak. Lehian Andraseñorak taldea izan zen nagusi, hamahiru puntu eskuratuta; eta zortzi punturekin, lehiaketatik kanpo geratu da etxeko taldea. Martxoaren 6an Zarauzko Hiruputzu gaztetxean jokatuko den finalerdietara pasatu da, beraz, Zarauzko taldea.

(Argazkiak: Utzitakoak)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide