Herriarteko Bertso Txapelketako lehen faseko saioa Aizarnazabalen jokatuko dute bihar. Urola Kostako hirugarren kanporaketa izango da, 20:30ean, Mikel elkartean. Bertan, Aizarnazabalgo Joxe Jimenezen Kasta eta Zarauzko Sendabelarrak taldeek parte hartuko dute.
Etxeko taldeko ordezkariak Iban Gorriti Beltza, Aritz Hernandez Larrume eta Markel Eizagirre izango dira. Zarauzko Sendabelarrak taldea, berriz, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Aritz Aranburu Anbu, Aimar Sorazu eta Nahikari Gabilondo bertsolariek osatzen dute.
Bi saio jokatu dituzte oraingoz Urola Kostan, eta horietan finalerdietarako lehen bi taldeak erabaki dira: Allepunta eta Andraseñorak, biak Zarauzkoak. Hirugarrena jokatuko dute bihar, eta laugarren eta azken saioa Getariako Askizu auzoko elkartean egingo dute, 27an.
Finalerdia martxoaren 6an jokatuko dute, Zarauzko Hiruputzu gaztetxean, 19:00etan. Hain zuzen, saio horretako bi talde irabazleak ariko dira finalean kantuan. Eskualdeko bertso eguna izango da martxoaren 14an Orion, eta egun horren baitan egingo dute finala: Etxeluze gaztetxean izango da, bazkaldu eta gero.
Urola Kostako saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean jarriko dituzte salgai.