Eskualdeko hainbat kide, Pilota Egokituko XVI. Gipuzkoako Txapelketari ekiteko pronto

Maialen Etxaniz 2026ko otsailaren 20a

Orotara, 33 pilotari lehiatuko dira txapelketan: 27 adimen urritasuneko kategorian eta sei gurpildun aulkikoan. Eskualdeko hamahiru palistak parte hartuko dute sariketan.

Larunbatean hasiko da Euskal Pilota Egokituko XVI. Gipuzkoako Txapelketa, Donostian. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (GKEF) eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) antolatu dute lehiaketa, eta bertan parte hartuko dute eskualdeko hainbat kirolarik. 

Bi kategoria izango ditu edizio honek ere: adimen urritasuna duten kirolariena eta urritasun fisikoa duten kirolariena. Buruz buru zein binaka ariko dira. Lehendabizikoek paletaz jokatuko dute, teniseko pilotarekin; eta bigarrenek gomazko paletaz, gurpil aulkian.

Orotara, 33 pilotari lehiatuko dira: 27 adimen urritasuneko kategorian eta sei gurpildun aulkikoan. Eskualdeko hamahiru palistak adimen urritasuneko kategorian parte hartuko dute sariketan: Jurdan Arakistain zestoarra, Luis Zulaika eta Leire Esnal zumaiarrak, Unax Gurrutxaga azpeitiarra, Josu Eskisabel azkoitiarra eta Haritz Lertxundi, Lorea Iribar, Xabier Villar, Alvaro Valor, Unax Esnaola, Alex Antomas, Joseba Altuna eta Markel Ugarte zarauztarrak.

Azpeitian, hitzordua

Txapelketa Azpeitira ere iritsiko da. Izan ere, Izarraitz pilotalekuan jokatuko dute apirilaren 18ko jardunaldia. Orotara, sei jardunaldi izango ditu txapelketak, eta lurraldeko hainbat herrik hartuko dituzte partidak. Honako hau da txapelketaren egutegia: 

  • Otsailak 21, Donostia-Atano III
  • Martxoak 7, Lazkao
  • Martxoak 28, Irun. Buruz buruko finalak
  • Apirilak 18, Azpeitia
  • Apirilak 25, Legazpi
  • Maiatzak 16, Amasa-Villabona. Binakako finalak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide