Berrehun lagun baino gehiago aritu dira dantzan gaur Zumaiako Lubaki kiroldegian, Arroabeko zumba taldeak antolatutako Zumba beraiengatik jaialdi solidarioan. Antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldiak aurreikuspen guztiak gainditu ditu.
Arroabeko familia baten egoerak hauspotuta antolatu zuten gaurko ekitaldia. Naiara Lizarralderen (Aia, 1991) bi urteko alabari zelula argien giltzurrunetako sarkoma diagnostikoatu zioten, eta haren zumbako kideek izan zuten jaialdi solidarioa egiteko ideia.
Dantzaldiaren une batean, Lizarralde oholtzara igo da, eta jaialdiaren nondik norakoak azaldu dizkie kiroldegia bete duten pertsonei. Eskerrak eman dizkie ekitaldian dantzari nahiz ikusle gisa parte hartzera animatu diren guztiei, baita gaur dinamizatzaile lanetan aritu diren Johnson, Berto, Darvin eta Tavo zumba irakasleei eta Jon Urbieta DJari ere.
Azaldu duenez, jaialdian bildutako dirua minbizia duten adingabeen familien bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen Aspanogi elkarteari bideratuko diote, Lizarralderen alabaren gisako "pirata eta kapitain" txikiei nahiz haien ingurukoei bidea errazteko helburuz. Hitzartzearen ostean, zumba irakasleekin batera dantza egin du Lizarraldek, eta minbizidun haurren aldeko gerri kolpeekin erantzun du jendetzak.