Bihar jokatuko dituzte Urola Kostako Herriarteko Bertso Txapelketako finalerdiak, Hiruputzun

Intza Trula 2026ko martxoaren 5a

Allepunta taldea, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako final-laurdenetan. (Utzitakoa)

Zarauzko bi talde lehiatuko dira lehen saioan, 19:30ean: Allepunta eta Andraseñorak. Bigarren lehia afalostean hasiko da, eta Aizarnazabalgo Joxe Jimenezen kasta eta Getariako Arrai nahastua taldeak ariko dira bertsotan. Urola Erdiari dagokionez, atsedena izango dute asteburu honetan, eta hilaren 13an jokatuko dute finala.

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren jardunaldi bikoitza jokatuko dute bihar arratsaldean Zarauzko Hiruputzu gaztetxean. Urola Kostako bi finalerdi jokatuko dituzte, 19:30ean hasita, eta saio bakoitzeko talde irabazleek finalerako txartel bana eskuratuko dute.

Etxeko bi talde izango dira elkarren aurka ariko diren lehenak: hain justu ere, Zarauzko Allepunta eta Andraseñorak taldeak izango dira aurrez aurre. Finalerdi hori amaitzean, afaria egingo dute gaztetxean, eta iluntzean jokatuko dute bigarren saioa: Azarnazabalgo Joxe Jimenezen kasta taldea Getariako Arrai nahastua taldearen aurka ariko da bertan.

Allepunta taldea Julen Zulaikak, Hodei Iruretagoienak eta Felix Zubia Olaskoagak osatzen dute. Andraseñorak, berriz, Joane Aldalur, Irati Tolosa, Uxue Alkorta eta Aner Peritz bertsolariek osatzen dute. Aizarnazabalgo taldeari dagokionez, Iban Gorriti Beltza, Aritz Hernandez eta Markel Eizagirre bertsolariek osatzen dute, eta aurkarien taldea, Arranai nahastua, Amets Aizpuruak, Libe Goenagak, Danel Olanok eta Egoitz Aizpuruk.

Bi saio horietako garaileak ariko dira Urola Kostako finalean kantuan. Eskualdeko bertso eguna izango da martxoaren 14an Orion, eta egun horren baitan egingo dute finala: Etxeluze gaztetxean izango da, bazkaldu ondoren.

Urola Erdiko taldeak, erabakita

Urola Erdiari dagokionez, jada erabakita dago finalean nor ariko diren bertsotan, eta atsedena izango dute asteburu honetan. Hain zuzen, Azpeitiko Txemaizterrak taldekoek Zaharrak Berri taldekoak izango dituzte aurrez aurre.

Final hori martxoaren 13an, ostiralez, jokatuko dute, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan, 22:00etan hasita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide