Haurrei eta nerabeei zuzendutako robotika eta programazio tailerrak antolatu ditu Udal Elkarteak

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 6a

Pertsona bat bideojokotan jolasten.

LH2 eta DBH1 mailen arteko ikasleek robotika erabilita erreskate sistema bat martxan jartzen ikasiko dute, eta 2D plataformako bideojoko bat garatuko dute.

Urola Kostako Udal Elkarteak robotika eta programazioa ulertzeko eta praktikan jartzeko bi tailer antolatu ditu LH2 eta DBH1 arteko haur eta gazteentzat. Apirilaren 7tik 10era bitarte izango dira saioak, Udal Elkartearen egoitza nagusian, 9:30etik 13:30era.

OpenLab ekimenaren baitan antolatutako saio hauetan, robotika erabilita erreskate sistema bat martxan jartzen ikasiko dute haur eta gazteek. Zehazki, larrialdi dei bat jaso ostean zauritutako bi lagun erreskatatu beharko dituzte mendikate baten tontorrik altuenetik. Basque Robot League txapelketarako Doplay-k garatu du erronka hau.

Bestalde, 2D plataformako bideojoko bat sortuko dute. Horretarako, Python programazioaren oinarrizko kontzeptuak ikasiko dituzte. Jokalariek oztopoak gainditu, asmakizunak ebatzi eta itemak biltzeko gai den pertsonaia bat kontrolatuko dute. 

Izen-ematea

Interesdunek martxoaren 26ra arte izango dute Urola Kostako Udal Elkarteak antolatutako saioetan izena emateko aukera. Horretarako, esteka honetan azaltzen den galdetegia bete beharko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide