Martxoaren 8a

Martxoaren 8a: aldarri eta proposamen desberdinak, egun beraren bueltan

Maialen Etxaniz 2026ko martxoaren 8a

Martxoaren 8ko hainat kartel erakusten dituen mock up-a. (Guka)

Hamaika mobilizazio egingo dira gaur, Martxoak 8, Euskal Herrian zehar, baita Urola Kostan ere. Egun bakarra izanagatik, aldarri eta proposamen desberdinak aterako dituzte kalera erakundeek eta eragile politikoek. Eskualdean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Itaiak deitu dituzte mobilizazioak gaurko, eta alderdi politikoek adierazpenak egin dituzte. Deialdi bakoitzak mezu desberdina dauka, mobilizazio bakoitzaren atzean dagoen irakurketa ere desberdina delako. 

Martxoaren 8a, sorreraz Emakume Langileen Nazioarteko Eguna eta gaur egun ofizialki Emakumeen Nazioarteko Eguna deitutakoa, da gaur. Euskal Herrian eta Urola bailaran hainbat mobilizazio daude deituta, baina deialdi bakoitzaren atzean badago lelo bat, irakurketa bat, ez baitira protesta hutsalak. Bailarako herrietan Euskal Herriko Mugimendu Feministaren barruko eragileek eta Itaiak deitu dituzte mobilizazioak. Mugimendu Feminista Beste mundu bat feminismotik lelopean mobilizatuko da; Itaia, berriz, Emakume langileok askatzeko, batu borrokara lelopean. Lelotik harago doaz, ordea, irakurketa politikoak eta borrokak ulertzeko moduak. Bi mugimenduek "kezkaz" begiratzen diote testuinguru politikoari, eta Martxoaren 8an mobilizatzeko hamaika arrazoi daudela uste dute. 

Alderdi politikoek ere egin dituzte adierazpenak Martxoaren 8aren atarian. Urola Kostako udalek, berriz, adierazpen instituzionalak onartu dituzte.

Mugimendu Feminista: Feminismotik mundua aldatzeko nahia

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiari jarraiki deitu dituzte protestak Azpeitiko Feministen Sareak, Zarauzko Koordinadora feministak eta Aiako, Orioko, Zestoako nahiz Zumaiako Mugimendu Feministek. 

Euskal Herriko Mugimendu Feministarentzat "munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren gaiotan" iritsi da Martxoaren 8a aurten. Testuinguru horretan, "sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistaren kontra eta feminismotik eraikitako munduaren alde" borrokatzera aterako da kalera. "Noraeza, etsipena eta beldurra" gailentzen ari den garaiotan, "immobilizaziorako joera" egon daitekeen arren, mugimendu feministak borrokatzeko deia egin du: "Guk aspaldi ikasi genuen immobilizaziorako joera kolpatzen gaituen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak darabiltzan estrategien ondorioa besterik ez direla, eta ez garela batzuek nahiko luketen bezala etxean geratuko". Hain zuzen, Mugimendu Feministarentzat sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazista da zapalkuntzak betikotzen dituena: "Askotariko zapalkuntzak betikotzeko egiturak martxan ditu aipaturiko sistemak, gorputz eta lurralde bakoitzean era batera edo bestera lurreratzen direnak. Baina, desberdinkeriak areagotzen ari diren garaiotan, zapalduak are zapalduago dira, eta boteretsuak are boteretsuago. Eta hori, errealitate materialetan ikus dezakegu; etxebizitzarako sarbidea nork duen eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, ea nork egindako lanak diren prekarioen, nor den hainbat eskubideren jabe eta nor ez eta abar. Finean, nor kolpatzen duen geroz eta gehiago". 

Mugimendu Feministako kideek adierazi dutenez, asko izan dira azken urteetan martxan jarritako borrokak, baina oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu dute, eta gizonak, patronalak zein agintariak seinalatu dituzte, besteak beste: "Urratsak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko, baina batez ere asko dute egiteko. Haiek bai; instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura". Horrekin batera, "egiturak sostengatzen dituztenak" ere jarri dituzte jopuntuan: "Feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituztela salatu nahi dugu, itxurakeria hutserako, edo are larriagoa dena, feminismoaren aitzakiapean bestelako neurri eta diskurtsoak zabaltzen dituzte, esaterako, arrazakeria". 

Ez dute "feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik" nahi, ezta mundurik ere, eta hori lortzeko antolakuntzaren beharra nabarmendu dute. "Antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak; emakume, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!". Horren karietara, aliantzak eraikitzeko deia egin dute: "Elkarrekin nahiz subalternitate propioetatik, eraiki ditzagun sare sendoak. Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik". 

Zumaiako Mugimendu Feministak, esaterako, feminismoaren intersekzionalitatea nabarmendu eta Martxoaren 8an feminismoaren barruko borroka desberdinen batura aldarrikatuko du. Mugimenduko kidea den Maddi Urangak azaldu duenez, aurten "bereziki" eman nahi izan diote garrantzia auziari, eta mobilizazioaren aurretik, mahai ingurua egingo dute Mugimendu Feminista osatzen duten eragileekin, tartean Enor asanblada transfeminista, Gazte Feministak, Emakumeen Etxea eta Malen Etxea. 

Zumaiako Mugimendu Feministako kideak, iazko Martxoaren 8an.

Itaia: M8aren klase izaera eta antolatzeko deia

Itaia Euskal Herriko emakumeen antolakunde sozialista da, eta Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zestoan mobilizatuko da. Itaiarentzat Martxoaren 8a ez da "gizartearen batasun abstraktua" bilatzeko eguna, emakume langileen defentsan borroka ateratzekoa baizik. Egunari eta zapalkuntzari klase izaera kendu zaiola uste dute Itaiako kideek: "Emakume langileen interesen defentsan ekarpena egiteko eta borroka iraultzaileari bultzada emateko helburuarekin antolatu zuten Martxoaren 8a lehen aldiz. Asko aldatu da, ordea, egunaren izaera ordutik. Berdintasunaren aldeko diskurtsoa oligarkiaren, enpresarien eta erakundeen interes ekonomikoak eta elektoralak bermatzeko aldarri hutsal bilakatu da. Berdintasunaren baitan emakume guztion batasuna aldarrikatu izan dute, zapalkuntzaren klase izaera alboratu eta borroka desitxuratuta". Horrenbestez, Martxoaren 8aren "izaera borrokalaria eta iraultzailea" aldarrikatu ditu Itaiak Martxoaren 8aren aurretik egindako lanketan. Azkoitian zein Azpeitian, esaterako, Martxoaren 8ari eskainitako erakusketa jarri dute, egunaren historia eta bilakaera gizarteratzeko.

"Matxismoaren kontra, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakume langileen eskubideen alde" mobilizatu da Itaia aurtengo Martxoaren 8an; izan ere, Itaiako kideentzat lan eta bizi baldintzak "etengabe okertzen" ari dira, "kapitalismoaren krisi betean eta inperialismo basatiaren eskutik": "Testuinguru honetan, emakume langileon egoera kaskartzen ari dela nabarmena da. Ikusi besterik ez dago sektore feminizatuetako lan baldintzen egoera penagarria edota emakume etorkinek bizi duten pobrezia, zaintza zerbitzuen murrizketak eta pribatizazioak, eta horrek emakumeon gain jartzen duen zaintza ardura gehigarria. Gainera, oligarkiak estatuak gero eta autoritarioak bilakatu nahi ditu, gure eskubide politikoak zuzenean kolpatuta". Eskubide horien urraketak gero eta gertuago nabari dituztela ere adierazi dute. 
 

"Alderdi eta agitatzaile faxistak" ere jarri ditu jopuntuan Itaiak, horien eskutik "ideia eta jarrera matxistak normalizatzen" ari direlako. "Batetik, emakumeon eskubideen atzerakada proposatu dute eta, bestetik, matxismoa ukatzen dute gezur eta buloen bitartez: emakumeok bizi dugun zapalkuntza asmakizun ideologikoa dela azalduta edo emakumeok esajeratu batzuk garela argudiatuta. Bien bitartean, erasoak, mehatxuak, erailketak, gutxiespenak eta abarrak eguneroko ogia dira guretzat". Hori dela eta, Itaiarentzat "urgentziazkoa" da "faxismoari eta matxismoari aurre egitea". Era berean, instituzioetan jarri du begirada; izan ere, Itaiaren aburuz emakume langileen "zapalkuntza ekonomikoa eta soziala" bere horretan mantendu da alderdi sozialdemokraten eskutik.

Martxoaren 8a pasatuta, matxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute Itaiako kideek, baita emakume langileen interesak eta problematikak "lehen lerroan" jarriko dituen bide orri iraultzailea garatzen ere: "Beharrezkoa eta urgentziazkoa da emakume langileon zapalkuntza amaitzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea. Bide horretan, batetik, faxismoaren eta matxismoaren aurka antolakuntza eta militantzia politikoa sustatu behar ditugu eta emakume langileon interesak eta problematikak lehen lerroan jarriko dituen bideorri iraultzailea garatu behar dugu". Horretarako, lan ideologikoa indartu nahi dute, despolitizazioa gorantz ari dela iritzita: "Lan ideologikoari garrantzi handia eman nahi diogu. Azkenaldian despolitizazioa eta ideia atzerakoiak nagusitzen ari baitira, bereziki gazteen artean. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela ideia atzerakoi horiei aurre egiteko tresnak eta lanketak eskaintzea. Bestela, ia oharkabean irensten ditugu aipatutako hitzak, eta horrek ondorio oso arriskutsuak izan ditzake", aipatu dute Urola Erdiko Itaiako kideek. Horrenbestez, gaur ez ezik, datozen hilabeteetan ere indarkeria matxistaren eta esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeen eskubideen alde borrokatzeko espazioak sortzen jarraituko dutela nabarmendu dute. 

Alaitz Azpillaga eta Nora Ganzarain, Urola Erdiko Itaiako kideak.

Alderdi politikoek, irakurketak

Alderdi politikoek, berriz, euren aldetik egin dituzte Martxoaren 8aren inguruko adierazpenak. EAJk nahiz EH Bilduk diskurtso matxistei eta erreakzionarioei aurre egiteko deia luzatu dute.

EH Bilduk Euskal Herriko Mugimendu Feministaren mobilizazioetara batzeko deia egin du. Izan ere, koalizioak horietan parte hartuko du. Martxoaren 8an "bakea, demokrazia eta egiazko berdintasunaren aldarrikapena inoiz baino indar handiagoarekin Euskal Herriko kaleetara eramatea ezinbestekoa" dela adierazi du EH Bilduk. 

EAJk, bere aldetik, emakume jeltzaleen bilkura egin zuen atzo, Martxoaren 8aren atariko. Han izan ziren Urola Kostako herrietako zenbait ordezkari politiko, tartean, Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea eta Sabino Arana fundazioko presidente Arantxa Tapia. Erakunde politikoen alorrean erantzukizun eta erabaki karguak dituzten emakumeekin mahai ingurua egin zuten. Jeltzaleek Martxoaren 8rako adostutako irakurketan "emakume jeltzaleen indar infinitua" azpimarratu dute: "Indar infinitu hori da, hain zuzen, Euskadiko andreek mendeetan zehar erakutsi dutena. Indar infinitua da herri honek bizi izan dituen garairik ilunenetan gure nortasunari eutsi zioten emakumeen indarra, gaur industriaren abangoardian lider diren emakume profesionalena eta gure komunitatearen ongizatea zutik mantentzen duten emakume zaintzaileena". 

EAJko ordezkariak Martxoaren 8aren harira egindako bilkuran. (EAJ)

MARTXOAREN 8A, UROLA KOSTAN
Aia

- 12:00. Elkarretaratzea, plazan.

Aizarnazabal

- 12:30. Elkarretaratzea, udaletxearen aurrean.

Azkoitia

- 13:00. Mobilizazioa, plazatik. Emakume langileok askatzeko batu borrokara! lelo hartuta. Itaiak deituta.

Azpeitia

- 12:00. Haurrentzako tailerra. Azpeitiko Feministen Sareak antolatuta.
- 12:30. Elkarretaratzea, Mundu bat feminismotik lelo hartuta. Azpeitiko Feministen Sareak antolatuta.
- 13:00. Mokadua, Azoka Plazan. Azpeitiko Feministen Sareak antolatuta.
- 13:00. Mobilizazioa, Emakume langileok batu borrokara! lelo hartuta, plazatik. Itaiak deituta.

Beizama

- 12:30. Elkarretaratzea. Bidania-Goiazko frontoian.
- Jarraian, pintxo potea.

Errezil

- 12:30. Elkarretaratzea. Bidania-Goiazko frontoian.
- Jarraian, pintxo potea.

Getaria

- 18:45. Palestina animatua, Samira Badran palestinar zuzendariarekin, Iturzaeta aretoan.

Orio

- 11:00. Txokolatea banatuko dute Herriko Plazan.
- Jarraian, Gorputzak mugitzera izenburupean, hainbat ekintza egingo dituzte.
- 13:00. Manifestazioa, Heriko Plazatik abiatuta. Gero, bazkari autogestionatua, Herriko Plazan.

Zarautz

- 12:00. Mobilizazioa, udaletxe plazan. Emakume langileok askatzeko batu borrokara! lelo hartuta. Itaiak deituta.
- 12:30. Manifestazioa, Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka lelo hartuta, Musika Plazatik. Zarauzko Koordinadora Feministak antolatuta.

Zestoa

- 09:30. Arroabeko plazatik irtenda mendi buelta Aizarnazabalera.
- 12:30. Arroabeko plazan konzentrazioa, eta 14:00etan bazkaria Ederki elkartean, bazkarirako izena Txaran eman behar da, martxoaren 5a baino lehen.
- 12:30. Manifestazioa, plazan. Zestoako Mugimendu Feministak deituta.
- 18:30. Elkarretaratzea, plazan. Itaiak deituta.

Zumaia

- 10:00. Zumaiako Mugimendu Feministako taldeen arteko solasaldia, Oxforden.
- 12:30. Manifestazioa, Beheko Plazatik hasita. Beste mundu bat feminismotik lelo hartuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide