Erabakita dago zein taldek abestuko duten Urola Kostako Herriarteko Bertso Txapelketaren finalean. Hain zuzen ere, larunbatean jokatu zituzten finalerdiak Zarauzko Hiruputzu gaztetxean, eta hango bi saioetan gailenduta, finalerako txartela eskuetan dute Zarauzko Allepunta Arrai Nahastua taldeek.
Larunbatean izan ziren finalerdiak; lehen saioa, 19:30ean hasita, eta bigarrena, afalostean, 22:00 inguruan. 80 bat lagun elkartu ziren gaztetxean, eta giro bikaina izan zen hitzorduaren bueltan. Lehen kanporaketan Zarauzko Allepunta eta Andraseñorak aritu ziren nor baino nor: Joane Aldalurrek, Uxue Alkortak, Irati Tolosak eta Aner Peritzek abestu zuten Andraseñoraken izenean; Felix Zubiak, Julen Zulaikak eta Hodei Iruretagoienak, berriz, Allepuntaken izenean. Ibon Aristik emandako gaiekin jardun zuten bertsotan, eta saioa umoretsua izan zen. Hamalau puntu eskuratuta, Allepunta taldea izango da datorren larunbateko finalean.
Afalostean izan zen bigarren saioa, eta Aizarnazabalgo Joxe Jimenezek Kasta eta Getariako Arrai Nahastua taldeak aritu ziren kantuan. Markel Eizagirrek, Aritz Hernandez Larrume-k eta Iban Gorriti Beltza-k ordezkatu zuten Aizarnazabalgo taldea; Libe Goenagak, Amets Aizpuruak eta Danel Olanok, berriz, Getariakoa. Aurkezle lanetan Joxe Jimenezen Kasta taldeko Leire Iruretagoiena eta Arrai Nahastua taldeko Uxune Areizaga aritu ziren. Getariako Arrai Nahastua taldeak lortu zuen finalerako txartela, hamabost puntu batuta.
Gipuzkoako Herriartekoan Urola Kosta zein taldek ordezkatuko duen erabakiko da, horrenbestez, datorren zapatuan. Orioko Etxeluze gaztetxean izango da finala, egun osorako prestatu duten egitarauaren barruan. Zarauzko Allepunta eta Getariako Arrai Nahastua ariko dira lehian, 18:30ean hasita. Aurretik, baina, txapelketan aritu diren taldeetako kideekin bertso poteoa eta bazkaria egingo dituzte.