Gukakide

Korrikaren atarian, Gukak hitzarmena sinatu du AEKrekin

Erredakzioa 2026ko martxoaren 9a

Maitane Elduaien eta Ane Arrizabalaga.

Korrikaren aurtengo edizioaren bueltan lankidetzan aritzeko egin dute akordioa. Korrikaren jarraipen berezia egingo du Gukak hasten den egunetik bukatu bitartean; eskualdeko herrietatik igarotzen denean ere askotariko edukiak landuko ditu hedabideak.

Datorren martxoaren 19an hasiko da Korrikaren hamaseigarren edizioa Atharratzen (Zuberoa), Euskara gara lelopean. Euskararen aldeko egitasmoaren harira, Gukak AEKrekin hitzarmena sinatu du. Akordioa Gukako marketin arduradun Maitane Elduaienek eta Korrikaren Urola Erdiko arduradun Ane Arrizabalagak sinatu dute. Korrikaren bueltan lankidetzan aritzeko egin dute akordioa, eta jarduteko hainbat puntu zehaztu dituzte.

Martxoaren 25ean igaroko da Korrika Oriotik, Zarauztik, Getariatik, Zumaiatik nahiz Arroabetik, eta martxoaren 28an berriz, Errezildik, Azpeititik, Zestoatik eta Azkoititik. Gukak egun horietan euskararen aldeko egitasmoaren jarraipen berezia egingo du; argazki bildumak nahiz ikus-entzunezkoak egingo ditu.

Horrez gain, zuzenean emango ditu Korrikaren hasiera nahiz bukaera ekitaldiak. Hain zuzen ere, Gukako kazetariek parte hartuko dute emankizun horietan. Gainera, Zarautzen eta Azkoitian umeentzako eskulan txokoak jarriko ditu Gukak. Zarautzen, martxoaren 22an, 11:30ean Malekoian jarriko du eskulanak egiteko postua; Azkoitian berriz, martxoaren 28an, 11:30ean, plazan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide