Martxoaren 8a

Ohean askeago, kalean moralaren atzaparretan

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 10a

(Guka)

Atzean geratu dira dena bekatu zen garaiak; emakumea subjektu aktiboa da plazeraren eta sexualitatearen arloan ere. Puritanismoa puri-purian da, ordea. Erronka ez da makala. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Gukak hainbat erreportaje argitaratuko ditu martxoaren 13ra bitartean, eta hau da horietako bat. 

Jaiotzen denetik hiltzen denera arte, izaki sexuala da gizakia, plazera mila modutara sentitzeko gai dena. Sexualitatea askatasunetik bizitzea, ordea, ez da erraza ez gizonentzat, ez emakumeentzat; batez ere azken horientzat, eta batez ere hamarkada batzuk atzera eginda.

Lourdesek –asmatutako izena– 72 urte ditu, 1954. urtean jaio zen Orioko auzo batean. Sagardotegian izan da orain gutxi, eta gaztetan gustuko izandako gizon batekin topo egin zuen han. Hainbeste urte pasatuak izan arren, gaztetan gelditutako arantzaz aritu ziren txotx eta txotx artean: "'Ederra galdu geninan. Orduan bekatu, eta orain ezin', esan zidan", kontatu du oriotarrak. Elkar musukatzeko amorratzen, baina ausartu ez. Izan ere, frankismoak eta Elizaren botereak bete-betean harrapatu zuen Lourdesen belaunaldia. "Dena zen beldurra, bekatua, debekua. Ai ene, orain gazte bagina, ederki aprobetxatuko genukeen gustuko genituenekin egoteko aukera!".

Beste garai batzuk ziren haiek, oriotarrak gogoratu duenez: "Musu ematea eta dantza lotua egitea galarazita zeuden. Etxera iristean, 'zeinekin etorri haiz?' izaten zen aurreneko galdera, eta apaizak ere itaunketa handia egiten zigun. Ezkontzeko joan nintzenean, apaizak galdetu zidan ea garbi ezkontzen al nintzen", kontatu du. "Haren kezka guztia horixe zen". Apaizari gezurra esan zion; ezkondu aurretik jo zuen larrua Lourdesek, senarra izango zuenarekin. Orgasmoak, klitoria, jolasak... gerora ezagutu zituen, ezkondu ondoren.

Harreman erotiko eta bikote harreman osasuntsuak edukitzea oso zaila da kapitalismoan, arau oso hertsiak ezartzen dituelako

Maitena Usabiaga Sarasua (Zarautz, 1989) sexologoaren ustez, ez dago konparatzerik garai hartako eta gaur egungo emakumeen egoera: "Ohean askoz askeagoak gara emakumeak gaur egun". Usabiagak, besteak beste, bere amonarekin hitz egin izan du gaiaz: "Plazera bekatua zen, eta gertatzen bazen, intimitatean, ezkutuan eta isilean eraman behar zen. Ez zuten beraien burua hor ikusteko baimenik: ez zeukaten kanpoko baimenik, eta uste dut, askok barrukorik ere ez zutela; plazera bizitzea merezi ez balute bezala".

Kolektiboki atzeraka

Emakumeek beren sexualitatea gero eta askeago bizi duten arren, jendartea aspektu batzuetan atzeraka egiten ari dela azpimarratu du Usabiagak. 1960ko hamarkadan, esaterako, egin maitasuna, ez gerra leloak ideologia askeagoa zuen atzean, ez bakarrik norberak bere plazera libreago bizitzeko, baizik eta jendarte mailan, bikote eta familia ereduei zegokienean. Mugimendu horrek Euskal Herrian ere eragina eduki zuela kontatu du, eta ezkontzaren adibidea jarri du: "Gure gurasoen garaiko bikote asko ez ziren ezkondu, ezkontzaren aurkako mugimendua egon zelako; ezkerreko mugimenduak hori barneratuta zeukan, eta harritu egiten dira orain jendea ezkondu egiten dela ikustean. Beren borroka harremanak desinstituzionalizatzea zen".

Atzeraka egin du jendarteak halako kontuetan. "Oso deigarria da nola bueltatu garen aurreko egoeretara. Monogamiaren inguruan, adibidez, ez da eztabaidatzen; baina monogamia ere estruktura zapaltzaile honen parte da. Beste borroketan zentratu gara; subjektuen identitateetan, adibidez. Heterosexualitatea kuestionatzen da, baina monogamia ez, ezta familia estrukturak ere. Ezkerrak ere ez ditu jartzen ezbaian".

Moralaren eta puritanismoaren menpe dago bikote eredua; derrigorrean, monogamoa behar du izan

Moral kristaua

Askatasun sexuala oztopatze horretan morala eta puritanismoa daude, baita sistema ekonomikoa ere; alegia, kapitalismoa. "Polarizazio handia eragiten du plazeraren eta gure gorputzarekiko eta erotikarekiko harremanak: askapena dagoenean, errepresio gehiago dator. Dantza hori historikoki denbora guztian ari gara egiten. Askoz atzerago jotzen badugu, Greziako zibilizaziora, esaterako, askapen handiagoa aurkitzen dugu. Ezkontza eta monogamia, esaterako, burgesiaren neurriak izan ziren, pobreengandik desberdintzeko, esaten zutelako pobreena neurrigabekeria zela, harreman erotiko ez normatiboak zituztela, ez genitalak eta abar. Ordena jartzea nahi izan zuten. Moral horrek irabazi du, jarraitzen dugu pentsatzen 'hau da normala edo onargarria', eta beste guztia kanpo gelditzen da".

Moral horretan "ezkerra, eskuina, feminismoa eta ez feminismoa", denak, "erori" dira. "Sexualitateak eta erotikoak arriskuarekin asko lotu den zerbait dauka, eta lotura hori ez da atsegina; mugak jarri nahi izaten dizkiogu. Zehaztu beharra dugu zer praktika diren legitimoak eta zeintzuk ez, eta ez direnak, higuingarriak iruditzen zaizkigu: nola gusta dakizuke, adibidez, norbaitek pixa egitea zure gainean? Horrek perbertsitatearekin dauka lotura, gaixotasunarekin, patologizatu egiten da", kontatu du.

Usabiagak kontsultan artatzen dituen emakume askok, adibidez, jendarteak onartutako arauekin dituzte arazoak. "Gure kontsultara iristen den jende gehienarentzat kanpoko arau eta neurri horiek ez dira bizigarriak. ‘Naizen hau gaizki dago’, pentsatzen dute". Adibideak eman ditu: sarketa ez dutela gustuko esanez joaten zaizkio batzuk, arazo bat dutela uste dute eta konpondu egin behar dutela, beren bikotekideak txortan egin nahi duelako, baina emakume horiei ez zaielako gustatzen, edo mina ematen dielako. "Moralak hierarkizatu egiten ditu praktikak, eta ez da kasualitatea koitoa izatea legitimoena, erreprodukziora eraman dezakeen praktika bakarra delako", nabarmendu du.

"Apaizak galdetu zidan ea 'garbi' ezkontzen al nintzen. Haren kezka bakarra huraxe zen" 
(Lourdes, 72 urteko oriotarra)

Emakumea ohean askatuz doan arren, morala ez da apaltzen ari; alderantziz. "Orain emakume bat bere neska lagunarekin joan daiteke kalean barrena, eta lehen, ez. Abaniko hori zabaldu da, oso onartuta dago denok ez garela heterosexualak. Era berean, ordea, horren aurrean erresistentzia oso indartsua dago, polarizazio oso handia, erreakzionarioa. Jendartearen zati bat ari da esaten hau gelditu egin behar dela, bai askapen prozesu hau, edo emakumea subjektu politiko bezala hartzen ari den espazioa, baita sexualitatearen eta plazeraren arloa ere".

Gazteak irekiago

Zarauztarrak uste du puritanismoa jendarte osoan dagoela, baita gazteenen artean ere. Belaunaldi berrien inguruan, ordea, ikusten du pozteko elementurik: "Gauzak ondo eta gaizki egote horrek, puritanismo horrek, jarraitzen du gazteengan ere eragiten, baina ondo dagoenaren kaxoian gauza gehiago sartzen dira orain. Kaxoi hori irekitzea albiste ona da. Beraien gustu bitxiekin identifikatzeko askoz aukera gehiago dituzte. Eta gutxiengo erotikoek, gutxiengotuak izan direnek, senti dezakete ez direla bakarrak. Hori sekulakoa da".

Gainera, aurreko belaunaldiek baino "askoz presenteago" dute emakumeen plazera ere inportantea dela, eta Usabiagak dio hori feminismoaren borroka esplizitua izan dela: "Ohean ere, hemen gaude. Subjektuak gara, baita subjektu erotikoak ere. Feminismoetatik etorri da aldarrikapen hori".

"Goazen zabaltzera, hausnartzera eta eztabaidatzera, gure harremanak bizigarriagoak izan daitezen"
(Maitena Usabiaga Sarasua, sexologoa)

Erronka handiak

Puritanismoaren gorakada hainbat arrazoik eragin dutela uste du Usabiagak. Emakumeen askapena da bat, baina horrez gain, uste du jendarteak erotikaren arloan biolentziari eman dion tokiak ere ekarri duela ondorio hori. "Sexualitatearena asko zaindu nahi dugun espazioa da, oso zaurgarria eta hauskorra delako, arriskuak badaudelako, eta nahi gabe, itxi egiten gara, ixten jarraitzen dugu; ez goaz ausart bizipen berriak bizitzera". Neska batek hiru mutilekin batera larrutan egin nahi izan dezake, adibidez, baina beldurra sartzen bada jokoan, ez da halako bizipenik izatera ausartuko.

Emakumeen egoerak hobera egin du, ezbairik gabe: Lourdesen ama etxetik bidali zuten ezkondu aurretik haurdun gelditu zelako; berak, helduaroan, plazera eta sexualitatea aurkitzeko aukera izan du, eta esperimentatzeko baimena eman dio bere buruari; eta haren seme-alabak eta bilobak berak emandako kondoiekin atera dira parrandara. Egoerak hobera egin du, bai, baina oraindik erronka handiak daudela uste du sexologo zarauztarrak. "Puritanismoarekin beti egon behar dugu adi. Elizak gure barruan, gorputzetan, duen indarra izugarria da, nahiz orain fisikoki ez egon hain aktibo. Belaunaldiz belaunaldi transmititu da, oso atzera datorren zerbait da. Eta guk jarraitzen dugu hori praktikatzen. Orain lesbianak daude, ondo. Baina horien artean ere gauzak daude ondo eta gaizki, eta esklusibotasun erotikoa da horietako bat". Izan ere, moralaren eta puritanismoaren atzaparretan da bikote eredua; derrigorrean, monogamoa behar du izan. Txanponaren beste aldea hor dago, ordea, gordin, eta Usabiagak uste du jendartea ez dela ari norabide zuzenean borrokatzen: "Bikoteen ehuneko handi batek adarrak jarri ditu. Horrek erakusten du ezinezkoa dela araua betetzea, eta, gainera, mina eta zailtasunak sortzen ditu. Jendarte gisa horren kontra egin behar genuke, eta ez alderantziz. Goazen zabaltzera, hausnartzera eta eztabaidatzera, gure harremanak bizigarriagoak izan daitezen".

Usabiagarentzat sexu askapenak eta kapitalismoak harreman zuzena dute: "Monogamia estrukturaren parte funtsezkoa da kapitalismo eta heterocis sistema kolonialean. Oinarrietako bat da: lanarekiko dugun harremana, monogamia eta familia nuklearra. Baina gure borrokak ez dira kolektiboak, sistema aldatzeko, baizik indibidualak, sisteman gure tokitxoa edukitzeko. Ez gara sistema zalantzan jartzen ari". Usabiagak argi du norabidea: "Kapitalismoaren kontra jarraitu behar dugu borrokan, kapitalismoa delako indarkeria sortzen duen egitura nagusia eta beste guztia zeharkatzen duena: harreman erotiko osasuntsuak eta bikote harreman osasuntsuak edukitzea oso zaila da kapitalismoaren barruan. Larrua jotzea oso zaila da kapitalismoaren barruan".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide