Eskualdeko 400 establezimendu bisitatuko dituzte euskararen erabilera aztertzeko

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 11

'Ongi Etorri Euskararen Herrira' egitasmoaren barruan, Urola Kostako Udal Elkarteak eta udal elkartea osatzen duten bost herrietako teknikariek, eskualdeko 400 establezimendu bisitatuko dituzte euskarak bertan duen presentzia aztertzeko eta, aldi berean, hizkuntzaren erabilera sustatzeko. 

Urola Kosta eskualdeko ezaugarri "azpimarragarrienetako bat" da euskara, eta haren balioa nabarmendu nahi izan dute gaur Orioko Kanpinean egin den Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoaren aurkezpenean. Bertan izan dira Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) lehendakaria, Jone Olaskoaga Orioko Kanpineko zuzendaria, Aiako, Orioko eta Zumaiako alkateak, eta udal elkartea osatzen duten bost herrietako euskara eta turismo teknikariak. 

Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa 2020an sortu zuten, hain zuzen, Urola Kostako herriek euskararen aldagaia turismoaren inguruko ekintzetan txertatzeko beharra nabaritu zutenean. Egitasmoaren helburua izan da hasieratik, hizkuntza kanpotik etorritakoentzat balio erantsia dela ikusaraztea, bai bisitariei, baita bertako eragileei ere. Behar hori identifikatuta, UKUEk hartu zuen, eskualdeko bost herriekin batera –Aia, Orio, Getaria, Zarautz eta Zumaia–, lanketa hori garatzeko ardura. 

Baina turismoari begira ez ezik, "bertako biztanleei begira" ere jartzen da egitasmoa, izan ere, bertakoek euskara erabili ezean, "nekez" entzungo dute hizkuntza kanpotik etortzen direnek. Hori horrela, 2026an egitasmoari "ikuspegi integrala" ematea erabaki dute. Horretarako, kanpotik etorritakoei "euskararen garrantzia" azpimarratuko zaie, eta eskualdeko establezimenduetan "euskararen estrategikotasunaren mezua" zabalduko dute.

Bisitak bertako establezimenduetara

Bertako eragileak "euskararen garrantziaren jabe" izan daitezen, UKUEk, bost udaletako teknikariekin elkarlanean, eskualdeko 400 establezimenduetara bisitak antolatu ditu, besteak beste, dendetara edota tabernetara. Bisita horietan, alde batetik, egitasmoaren berri emango dute, eta bestetik, establezimendu horietan euskarak duen presentziaren azterketa egingo dute. 

Arozenak aurkezpenean azaldu duenez, "bisita hauek baliatu nahi ditugu establezimenduen beharrak entzuteko, eta eskualdeko establezimenduetan euskarak duen presentzia neurtzeko. Gainera, saiatuko gara beharrak bideratzen, eta hizkuntza paisaia euskarara gehiago ekartzeko laguntza eskaintzen".

Zentzu horretan, Orioko Kanpina euskararen erabilera ohikoaren adibide gisa jarri dute. Izan ere, Olaskoagaren esanetan, kanpinaren eskaintzaren "erdi-erdian" dago euskara. "Udal kanpina izanik, derrigorrezkoa da langile guztiek hizkuntza eskakizunak zorrotz betea. Baina guretzat ez da betebehar kontua. Azken finean, kanpina bera herriaren isla da, eta Orio bera euskalduna den heinean, izaera horri eusten dio kanpinak. Eta hain zuzen, hori da gure erabiltzaileek eskertzen dutena. Gu geu izatea, eta gure hizkuntza eta naturaltasuna haiekin partekatzea".

Hori ez ezik, Arozenak kontatu du dendari, tabernari eta bestelako zerbitzuei ere jakinarazi egin behar zaiela euskara erabiltzeak duen "balio erantsia". Halaber, lehendakariak azpimarratu du euskararen erabilera zabaltzeak eskualdeko herritarrentzat ere "giro erosoagoa" sortuko duela.

Berrikuntzak egitasmoan

2020tik hona, Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoak "harrera bikaina" izan duela argitu du udal elkarteko lehendakariak, azpimarratuz kanpotar askok eskertu egin dutela euskaraz hitz batzuk ikasteko aukera. Gainera, egitasmoak euskararen gaineko "begirada berria" ekarri du eskualdeko ostalaritza eta merkataritza sektoreetara, izan ere, euskara "aktibo ekonomikoa eta bereizlea" izan daitekeela jarri du agerian.

Aurkezpenean, kanpainaren irudi berritua ere erakutsi dute. "Diseinu berriak itxura freskoagoa eta kolore biziagoak ditu, eta pertsonak jarri ditu erdigunean. Gainera, eguneroko esamolde errazak txertatu dituzte –"kaixo", "ongi etorri" ala "eskerrik asko"– euskaraz ez dakitenek ere erabili ahal izan ditzaten. Mezu argiak zabaltzen ditu ekimenak: bisitariak euskara ezagutzera, gure kulturara hurbiltzera eta bertako jendearekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditu, "esperientzia osoago batez goza dezaten", esan du Arozenak.

Olaskoagak ere argi du, kanpotik etortzen diren bezeroak "gure berezitasunak, izaerak eta nolakotasunak" erakartzen dituela. "Gure hizkuntzak eta kulturak desberdin egiten gaitu, eta horixe da, hain zuzen, gure erakargarritasuna”.

Dena den, egitasmoak ez ditu jopuntuan soilik kanpotarrak ipini, izan ere, proiektu honek bertakoei euskara erabil dezaten eskatzen die. "Horixe baita iritsi berriek bilatzen dutena: kultura baten egiazkotasuna, bere hizkuntzarekin batera. Eta hori helaraziko diete establezimenduetara egindako bisita bakoitzean", gehitu du Arozenak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide